eLiburutegia erabiltzeko sarbidea erraztu dute

Karkara 2020ko mar. 17a, 09:24

Herritarrek liburu digitalak maileguan hartzeko zein Internet bidez filmak nahiz dokumentalak ikusteko aukera izango dute e-Liburutegiaren bidez.

COVID19aren hedapena tarteko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi publikoek bertan behera utzi dute aurrez aurreko zerbitzua. Horri aterabidea emateko, eta herritarrek liburu digitalak maileguan hartzeko zein Internet bidez filmak nahiz dokumentalak ikusteko aukera izan dezaten, eLiburutegiaren zerbitzua irekita jarri du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

Hain zuzen ere, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideek helbide horren bidez eskuratu ahal izango dituzte –liburutegi-zerbitzua@euskadi.eushelbide elektronikoa erabilita– edukiak, eta ez direnek bazkide egiteko aukera izango dute e-posta helbide horren bidez. Izan ere, beharrezkoa da sareko bazkide egitea eLiburutegira sartzeko.

E-posta helbide hori herritarren eskura jarri du Jaurlaritzak, batez ere, halakorik ez duten herritarrek ere eLiburutegira sarbidea izan dezaten. Dena den, egoera normaltzen denean liburutegian bertan egin beharko dute herritarrek bazkide. eLiburutegian 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogoa izango dute eskura eliburutegia.euskadi.eus helbidean, eta eskuragarri diren liburuak ordenagailuak, tabletean nahiz eBookean irakurri ahal izango dituzte horiek.

Edukien kontsumoa mugatua da: herritar bakoitzak hilean lau liburu irakurtzeko eta astero bi film ikusteko aukera izango du eLiburutegian. Honako lotura honetan irakur daiteke nola deskargatu behar diren eduki digitalak gailu elektronikoetara.

Jaurlaritzak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eta gaur egun, 1.036.217 erabiltzaile ditu. 2019an 2.744.200 mailegu baino gehiago egin zituzten herritarrek sarean dauden Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako liburutegien bidez, eta liburutegi horien artean 120.000 bidalketa baino gehiago egin zituzten. eLiburutegia, berriz, 2014ko azaroan jarri zuten martxan, eta 43.000 erabiltzaile ditu egun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!