Aiako eta Orioko sortzaileen emanaldiak, #EtxetikMundura egitasmoaren bidez

Karkara 2020ko mar. 18a, 12:27

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideek kultur sortzaileen emanaldiak eskainiko dituzte ostegunetik aurrera. Herriko sortzaileek bidal ditzakete beren bideoak. Ostegunean izango da lehen emanaldia, 20:00etan.

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideek –Karkara, Baleike, Uztarria, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Zarauzko Hitza– #EtxetikMundura egitasmoa jarriko dute martxan ostegunean. Hain zuzen ere, Urola Kostako hainbat sortzailek bideo bidezko emanaldiak eskainiko dituzte beren etxeetatik.
 Dagoeneko hainbat dira egitasmora batu diren herritarrak, eta Karkara.eus-en adibidez Ibai Marin eta Libana Taboada, Rosi Lazkano, Intza Unanue eta Leire Zinkunegi, besteak beste.

Urola Kostako tokiko hedabideen webguneetan nahiz Urola Kostako Hitzaren atarian ikusi ahal izango dira emanaldiak ostegunetik aurrera. Egun bakoitzean, 20:00etan hasita, bere herriko sortzaileen saio bana emango dute tokiko hedabideek, eta eskualdeko bideo guztiak Urola Kostako Hitzaren nahiz Erlo Telebistaren webguneetan izango dira ikusgai.

Koronabirusaren eraginez hartu du #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia UKTk; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du UKTk, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Dagoeneko hainbat saio ditu lotuta Urolako Komunikazio Taldeak, baina zerrenda horretan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!