Egunetik egunera, geroz eta gehiago dira Urola Kostan eta Gipuzkoan koronabirusarekin kutsatu diren herritarrak. Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu dituen datuen arabera, oraingoz Aian eta Orion ez dute koronabirus kasurik atzeman. Dena dela, inguruko herrietan gora doa kutsatu kopurua. Zarautzen esaterako 13 kasu atzeman dituzte; Getarian, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian baieztatutako kasu bana dute. 

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak baieztatu du 1.725 direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusa duten herritarrak, atzo baino 260 gehiago. Azken 24 orduetan hamalau lagun hil dira eta dagoeneko 85 dira hildakoak. Gipuzkoa da kutsatu gutxien dituen lurraldea, 273 —atzo baino 50 gehiago—, eta hamaika lagun hil dira lurraldean gaixotasunaren eraginez.