Oraindik ez da koronabirus kasurik agertu Aian eta Orion

Karkara 2020ko mar. 22a, 17:38

Astebete pasa da erakundeek larrialdi egoera ezarri zutenetik, eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, ez dute atzeman koronabirus kasurik Aian eta Orion.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, ez dago koronabirus kasurik Aian eta Orion, baina Urola Kostan 22 dira baieztatutako kasuak. Azken 24 orduetan lau kasu berri atzeman dituzte Zarautzen eta beste bat Getarian. Dena dela, eskualdean horiek baino gehiago izan daitezke gaixorik dauden herritarrak.

Euskal Herrian, berriz, orain arte 2.899 pertsona gaixotu ditu gaitzak, eta 112 hil. Araban dago gaixo gehien (912). Azkeneko egunetan, Nafarroan ere asko ugaritu dira (794), eta Bizkaian ere gora egiten ari da kurba (860). Gipuzkoa doakie atzetik (273), aurreneko gaixoetako bat bertan atzeman zuten arren.

Ipar Euskal Herriko datuak ez dira zehatzak: Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen ditu —Pirinio Atlantikoetan 32 gaixo atzeman dituzte—, baina ez da posible probintziaka bereiztea. Jakin da, hala ere, gutxienez zazpi eri eraman dituztela Baionako erietxera, Lapurdin. Zuberoako gaixoak Paueko ospitalera eramaten dituzte, eta han hil zen zuberotar bat. Beste zuberotar bat ere bada Paueko erietxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!