Egoerara moldatutako bertso saioa izango da datorren ostegunean

Karkara 2020ko mar. 28a, 09:00
Saioan parte hartuko duten bost bertsolariak.

Urolako Komunikazio Taldeak streaming bidezko bertso saioa eskainiko du datorren ostegunean, 18:30ean hasita. Eneritz Artetxek, Jokin Urangak, Beñat Lizasok, Jon Gurrutxagak eta Iñigo Mantzizidor Mantxik kantatuko dute, eta herritarrek horientzako gaiak proposatzeko aukera izango dute asteartera bitartean.

Konfinatuta. Hala jarraituko dute herritarrek datorren astean ere, baina itxialdia arintzeko bertso saioa antolatu du Urolako Komunikazio Taldeak. Egoerara moldatuta, noski. Hain zuzen ere, Hangouts bidez egingo dute bertsotan Eneritz Artetxek, Jokin Urangak, Beñat Lizasok, Jon Gurrutxagak eta Iñigo Mantzizidor Mantxik, eta Karkara.eus-en ikusi ahal izango da emanaldia streaming bidez. Ostegunean izango da zuzeneko saioa, 18:30ean hasita, eta webgune honetan ikusi ahal izango da.

Jon Zaldua arduratuko da horiei gaiak jartzeaz, baina gaiak ez ditu berak proposatuko: herritarrek izango dute horretarako aukera. Datorren asteartera bitartean jasoko ditu Karkarak bost bertsolari horientzako gaiak. Herritarrek zuzendaritza@ukt.eus helbidera bidali beharko dituzte proposamenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!