Hondakinen bilketa zerbitzuan egindako aldaketak errespetatzeko eskatu du UKUEk

Karkara 2020ko mar. 30a, 08:30

Hondakin handiak ezin dira kalera atera eta ontziak ukitzekotan, eskularruekin egin behar da. Hartutako neurriak errespetatu eta betetzeko eskatu die udal elkarteak herritarrei.

UKUEk gogorarazi du COVID-19aren krisiaren ondorioz hondakinen bilketa zerbitzuan hartutako neurriak errespetatu behar dituztela herritarrek. Ondorengoak dira bete beharreko arauak:

1. COVID-19 gaitzaz gaixotutako herritarren eta horien zaintzaileen hondakinak ezin dira inolaz gaika bereizi, eta poltsa itxi batean bota beharko dira errefusaren edukiontzira derrigorrez.

2. Debekatuta dago hondakin handiak kalera ateratzea, zerbitzu hau bertan behera utzi baita. 

3. Ontziak ukitzea ekiditeko, errefusaren eta hondakin organikoen ontziak (gris eta marroi kolorekoak) irekita egongo dira. Ezinbestean ontziak ukitu behar badira, eskularruekin edo babes neurriak hartuta egin beharko da.

4. Hondakinak sailkatzen jarraitu behar da, frakzioak bereizita, dagokien edukiontzietan.

5. Erabat debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea.

6. Gomendagarria da arrisku faktoreren bat duten herritarrek konposta guneak ekiditea, eta erabiltzekotan, babes neurri egokiak hartzea ezinbestekoa da.

7. Eskualdeko hiru garbiguneak zabalik daude, baina zerbitzua langile profesional eta udal zerbitzuei soilik emango zaie.

8. Debekatuta dago garbiguneen kanpoan hondakinak uztea.

UKUEk gehitu du, herritarren eta hondakinak biltzeko zerbitzuko langileen segurtasun eta osasunerako neurriak direla hartutakoak, eta etengabe ari direla zerbitzua egokitu eta indartzen. Egoera horren aurrean, edukiontzi gehiago jarri dira zenbait tokitan, eta bilketa maiztasuna egokitu dute. Horrez gain, edukiontzi guneak maiz desinfektatzen ari dira eta herritarrek neurri hauek betetzearen garrantzia nabarmendu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!