Azken orduetan COVID-19arekin kutsatutako kasu berri bat atzeman dute Orion

Karkara 2020ko api. 3a, 16:21

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, denera bederatzi dira koronabirusarekin kutsatutako oriotarrak. 

Gaixotasuna hedatzen ari da eskualdean, eta gero eta gehiago dira koronabirusaren atzaparretan erortzen ari direnak. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituzten azken datuen arabera, 17 positibo berri baieztatu dituzte Urola Kostako herrietan, eta dagoeneko 132 dira COVID-19 gaitza dutenak. Horietako kasu berri bat Orion atzeman dute, hala, guztira bederatzi dira Orion koronabirusak jokako bizilagunak. Aian berriz, kutsatu kopurua ez da igo azken egunetan, eta bi lagun daude kutsatuta.

10.663 kutsatu Euskal Herrian

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kaleratutako azken datuen arabera, dagoeneko 10.663 lagun daude kutsatuta eta 595 hil dira gaitzaren eraginez. Atzotik hona, gainera, beste 664 kasu positibo atzeman dituzte, eta 52 heriotza berri zenbatu.

Lurraldeka, berriz, Bizkaia da COVID-19ak gehien astindu duen probintzia, 4.024 gaixoturekin eta 205 hildakorekin; Araban 2.447 lagunek dute gaitza eta 176 dira orain arte hildakoak; Nafarroan 2.836 kutsatu eta 151 hildako zenbatu dituzte; eta Gipuzkoan 1.356 dira gaixoak eta 63 hildakoak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina jakin ahal denez,  bi hildako berri izan dira azken orduetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!