Zabor bilketari dagokionez "erantzukizunez jokatzeko" eskatu die UKUEK herritarrei

Karkara 2020ko api. 6a, 10:00

Koronabirusa duten herritarren etxeetan zaborra nola bota behar duten azaldu du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Udal Elkarteko Hondakinak Biltzeko Zerbitzuak oharra argitaratu berri du, koronabirusak sortutako krisi-egoerari aurre egiteko orain arte hartutako neurriak gogoraratuz eta, horrekin batera, hainbat jarraibide emanez. Guztion osasuna babesteko, herritarrei «erantzukizunez jokatzeko garaia» dela ohartarazi die eta hondakinak sailkatzerakoan hartu beharreko neurrien berri eman du.

Gaixoren bat dagoen etxeetarako jarraibideak
COVID-19z gaixotutako herritarren bat dagoen etxeetan honela jokatu behar da:

  • Debekatuta dago COVID-19z gaixotutako herritarren hondakinak gaikako bilketarako edukiontzietan botatzea (organikoa, ontziak, papera, kartoia, beira, arropa eta ehunkiak…). Debekatuta dago, baita ere, hondakin horiek edukiontzien inguruan lagatzea. Hondakin guztiak errefusara bota behar dira.
  • COVID-19z gaixotutako herritarrek eta haien zaintzaileek erabilitako eskularruak, musuzapiak, maskarak eta abar poltsa itxi batean bildu behar dira, eta, ondoren, poltsa hori beste poltsa batean sartu.
  • Poltsa bikoitz hori, etxebizitza horretako gainerako hondakin guztiekin batera, hirugarren poltsa handiago batean sartu behar da eta, ondoren, bota errefusarentzako edukiontzian.

Gainontzeko etxeetarako jarraibideak
Beti bezala, gaika sailkatu hondakinak gai bakoitzari dagokion edukiontzira bota behar dira, eta gogoratu dute:

  • Debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea.
  • Debekatuta dago hondakin handiak kalera ateratzea
  • Arretaz garbitu eskuak, ura eta xaboia erabilita, hondakinak jaitsi aurretik eta ondoren.
  • Eskualdeko hiru garbiguneak itxita daude.

Erantzukizunez jokatzeko deia herritarrei

Udal Elkartea etengabe ari da bilketa-zerbitzua egokitu eta indartzeko neurriak hartzen: bilketa-guneak indartu dira, behar den lekuetan edukiontzi gehiago jarri dira eta egokitu egin da bilketen maiztasuna. Bestalde, segurtasun araudiari jarraituz, edukiontzi-guneak maiz ari dira desinfektatzen.

Ezarritako neurriak betetzea garrantzizkoa dela esan du Udal Elkarteak, guztion segurtasuna zaintzeko eta, bereziki, hondakinak biltzeko zerbitzuko langile guztiena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!