Elkarrizketak

Unai Manterola: "Beti bada dramatikoa heriotza, oraindik ere dramatikoago da egoera honetan"

Karkara 2020ko api. 9a, 12:49

Orio eta Aiako apaiza da Unai Manterola zumaiarra. Herritar askoren makulu izaten dira apaizak egoera zailak gertatzen direnean, eta oraingo larrialdi honetan ere sufrimendua arintzen ahalegintzen dira. Isolamenduagatik bakardadean hiltzea eta senideek azken agurra emateko aukerarik ez izatea oso egoera gogorrak direla deritzo. Berak zuzenduko ditu ETBk Orioko parrokiatik emango dituen Aste Santuko elizkizunak.

"Harremana orain telefonoz da, deitzen dutenekin; somatzen dut adineko jendeak askotan deitzen duela norbaitekin berriketan egiteko gogoa daukalako".
 
"Hasieran, baimenduta zegoen hilotza tanatorioan edukitzea eta nolabaiteko ekitaldi pribatu bat egitea. Orain debekatuta dago; ahal bada, lehen 24 ordutan  eman behar zaio lur eta kanposantura hiru senide baino ezin dira joan".
 
"Behar materialak dauzkan jendearen kolektiboa era badaukagu. Hilean behin janari banaketa egiten dugu. Martxoko banaketa ezin izan genuen egin eta diru-laguntza emanez konpondu genuen".
 
"Kultuko zentroak irekita mantentzeko baimena ematen du alarma egoerako dekretuak, baldin eta distantziak-eta gordetzen badira. Baina kontraesan handia dago hor. Kultuko zentroetara joan gaitezke, baina ezin gara etxetik atera. Guk erabaki genuek itxi egingo genituela".
 
“Hilabete izango da ez naizela Zumaiara joan, baina etxekoekin eta lagunekin whatsappetik edo bideo-deien bidez egoten naiz”.
 
“Organoa pixka bat utzita daukat aspaldian, baina aurrekoan San Telmo martxaren konpas batzuk jo nituen eta twitterrera igo nituen”.
 
“Martxoaren 22an 40 urte bete nituen eta nire buruari omenaldi txiki bat egiteko olagarro zopa prestatu nuen”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!