Autonomo eta enpresa txikientzako laguntzak handitzea aztertuko du Lanbidek

Karkara 2020ko api. 16a, 13:07

10.000 eskaera baino gehiago jaso zituzten atzo gauerditik aurrera webgunean. Orain, horiek denak aztertuko dituzte, baldintzak betetzen dituzten ala ez jakiteko.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak iragarri du autonomoei eta enpresa txikiei zein ertainei zuzendutako laguntzak handitzea aztertuko duela, bart gauerditik 10.000 eskaera baino gehiago jaso ondoren. Webgunea kolapsatu egin zen eskaerekin, eta 04:00ak arte ez zen martxan egon, Lanbideren arduradunek azaldu dutenez. Autonomoek egindako eskaerak jasota, horiek guztiak aztertu beharko ditu orain erakundeak, laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez ikusteko eta laguntzak banatzeko.

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak azaldu duenez, gaur egun bi modu daude laguntza horiek eskatzeko. Alde batetik, izapidetze elektronikoaren bidez, eta, bestetik, Lanbideren webgunean dagoen formularioa beteta. Lehen aukera, aztertzen ari diren arrazoiak direla eta, 04:00ak arte ez da martxan egon. Dena den, 08:00ak bitartean 1.836 eskaera jaso dituztela azaldu du. Erakundeak azaldu duenez, badaki autonomoen kolektiboak "zailtasunak" dituela, eta horregatik jarri du martxan laguntza neurria. "Bi modutan egin genezakeen: batetik, partida eskaera guztien artean banatuta, eta horrek ez luke inoren arazoa konponduko; edo bestela, autonomo batzuei 3.000 eurorekin laguntzeko erabili dugun irizpidea jarrita".

Aurreikusitako hiru milioi euroko partida azkar banatuko dela iruditzen zaio Lanbideko zuzendari nagusiari. "Beraz, beste sail batzuekin batera, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunak zein diren aztertu behar dugu, partida hori handitzea eta pertsona gehiagorengana iristea posible ote den jakiteko. Zenbat eskaera iristen diren ikusi behar dugu, eta gure ondorioak atera".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!