Selektibitatea heltzeko zain

Karkara 2020ko api. 19a, 11:45
EHUko Donostiako Campusa. Artxiboko argazkia.

Hego Euskal Herriko ikasleek uztailaren 6tik 8ra egingo dute selektibitatearen ohiko deialdia; ezohikoa, 20tik 22ra izango da. Ikasleek kezkaz bizi dute egoera, eta Malen Genova Solaberrieta oriotarrak azken hilabeteko hezkuntza sistema izan du hizpide.

Hezkuntza zentroak ixtea izan zen koronabirusak sortutako osasun krisialdiaren aurrean agintariek hartutako lehen neurrietako bat. Ordutik, internet bidez ari dira klaseak jasotzen milaka ikasle, eta hala bukatu beharko dute 2019/2020 ikasturtea. Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ahalegin berezia egin behar izan dute egoerara moldatzeko, unibertsitatera sartzeko hautaprobara aurkeztuko baitira gehienak.

Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak erkidegoetako ordezkariei selektibitatea atzeratzeko eskaera egin zien bideokonferentzia bidez. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri zituen hautaprobaren data berriak: Euskal Herriko Unibertsitateak uztailaren 6tik 8ra egingo du selektibitatearen ohiko deialdia, eta uztailaren 20tik 22ra, ezohikoa.

Egoera berezi horretan ikasketa prozesua eta selektibitaterako prestaketa nola daraman kontatu dio Malen Genova Solaberrietak KARKARAri.

 

"Gutxienez selektibitatea baino bi-hiru aste lehenago, eskolara bueltatu nahiko nuke"

MALEN GENOVA SOLABERRIETA - Batxilergoko 2. mailako ikaslea

Batxilergoko 2. mailan aurreko urteetan baino presio gehiago antzeman al duzue selektibitatea egin behar duzuelako?
Ikasturteko lehenengo egunetik selektibitateaz hitz egiten hasi zitzaizkigun, eta egiten ditugun gauza guztiak unibertsitatera sartzeko hautaprobari begira egiten ditugu. Selektibitateko gaitegiak biltzen dituen gaiak jorratzen ditugu, eta irakasleek askotan egiten diote erreferentzia selektibitateari. Askotan esaten dute: “Hau selektibitatean sartzen den galdera da” edo “askotan galdetu izan dute gai hau selektibitatean”.

Zenbait ikasle poztu egingo ziren aurrez aurreko eskolak bertan behera geratzen zirela entzun zutenean. Zuek aldiz, selektibitatea gainean izanda, zer pentsatu zenuten?
Eskolen itxialdia iragarri zutenean, gurekin zer gertatuko ote zen pentsatu genuen. Izan ere, guri ez zaigu komeni eskola egun bakarra ere galtzerik, beraz imajinatu zer den guretzat hilabete bat edo bi galtzea. Hala ere, klasean baditugu selektibitatea egin behar ez duten ikaskideak eta horiek ere ez ziren poztu.

Aurrez aurreko eskolak bertan behera geratu direnez, gaitegian aldaketarik izan al da?
Ez da aldaketarik izan. Selektibitatea atzeratu badute ere, ez dute gaitegia murriztu.

Nola ari zarete ikasten egunotan?
Esan ziguten bideo-deien edo classroom plataformaren bidez izango zirela klasek. Hasieran irakasle batzuk classroometik lana bidaltzen ziguten, eta klase bukaeran lanak bukatuta entregatu behar genizkien. Hala ere, azkenean, irakasle guztiak hasi dira bideo-deiak egiten, modu horretan galderak egiteko aukera dugulako ikasleok.

Selektibitatea atzeratu egingo dutela esan dute. Zuentzat albiste ona izan al da?
Ikasketa arloari erreparatuta, albiste ona da, zenbait ikasgai lantzeko denbora gehiago beharko dugula uste dudalako. Izan ere, sistema berriarekin zientzia arloko ikasgaiak lantzea nahiko zaila egiten ari zaigu, batez ere, kimika eta matematika. Dena dela, aisialdiaren ikuspegitik begiratuta, albiste txarra da. Selektibitatea uztailean egiten badugu udako oporraldi erdia kenduko digute, eta gainera batzuk ikas-bidaia aurreikusita zuten ekainean, selektibitatea eta gero. Horrez gain, Orioko festak hautaproba baino lehentxeago izango dira.

Espero duzue laster eskolara bueltatzeko aukera izatea?
Egia esan, eskolara itzultzeko esperantza eta gogoa dut. Gutxienez selektibitatea baino bi-hiru aste lehenago, eskolara bueltatu nahiko nuke, galdera guztiak argitzeko eta errepasotxoak egiteko.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!