Kultur edukirik ez dugu argitaratuko gaur KARKARAn

Karkara 2020ko api. 22a, 09:27

Urolako Komunikazio Taldeko hedabideek, tartean KARKARAk, errespetatu egingo dute 1.000 euskal kulturgile inguruk egindako eskaria; alegia, apirilaren 21ean eta 22an inork ez dezala sarean kultur edukirik partekatu. Kulturgileek greba digitalera deitu dute bi egun hauetarako, itxialdiaren eraginez kulturaren sektoreak bizi duen egoera salatzeko eta euskal herritarrak gogoetara bultzatzeko.

Greba digitala egingo dute gaur eta bihar ia 1.000 sortzaile, kulturgile eta artistak. Alegia, itxialdia hasi zenetik sareetan doan egiten ari diren lana bi egunez baztertu egingo dute euskal kulturgileek, gizartea eta agintariak ohar daitezen beren egoeraren larriaz. Aurreko astean egin zuten deialdia, eta hedabideei ere eskatu zieten ez zezatela kultur edukirik partekatu bi egun hauetan. Urolako Komunikazio Taldeak, tartean KARKARAk, errespetatu egingo du eskari hori, eta gaur eta bihar ez du kultur edukirik partekatuko nahiz sortuko sareetan.

Hala, egunotan ez da Etxetik Mundura saiorik egongo, eta Enoken zintak Urola Kostako Hitzako papereko edizioan soilik ikusi ahal izango ditu irakurleak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!