LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Herritarren hamaika gomendio Liburuaren Nazioarteko Egunerako

Karkara 2020ko api. 23a, 13:32

Gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna da. Data seinalatua baliatuta, hamaika irakurzaleri liburu bat gomendatzeko eskatu die KARKARAk. Esku artean dituzten liburuak zein azkenaldiko gustukoenak hizpide izan dituzte.

Miren Andueza (liburuzaina) - Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea

Aspaldiko liburua da, 1988an idatzi baitzuen Luis Sepulveda idazle txiletarrak. Egilea koronabirusaren ondorioz hil da duela egun gutxi, eta horregatik etorri zait burura. Liburu motza da eta oso erraz irakurtzen da. Amazonian kokatzen da, eta gizon txuri batek herri indigenarekin natura ulertzen eta errespetatzen nola ikasi zuen kontatzen du. Natura zaintzearen garrantzia azpimarratzen du eleberriak, eta gogoan dut oso ondo pasa nuela liburua irakurri nuen bitartean. Herriko liburutegian mailegagarri dago liburua euskaraz zein gaztelaniaz.

 

Analia Torres (saltzailea) - Rayuela

Rayuela eleberria nire herrikide Julio Cortazar idazle argentinarrak idatzi zuen, eta Hego Amerikako literaturako obra garrantzitsua da. Paris du eszenatoki eta gizon argentinar baten eta emakume uruguaitar baten arteko harreman gorabeheratsua kontatzen du. Rayuela liburuaren izenburua izateaz gain, haur jolas baten izena ere bada. Badakizue zein den? Haurren parkeetan egon ohi da; haurrek zenbakidun laukitxo batetik bestera salto egin behar izaten dute, eta laukitxo okerrean salto egiten badute, berriz atzera bueltatu behar izaten dute. Nire ustez, ez da kasualitatea eleberriak jolasaren izenburu bera izatea, jolasa bikotearen harremanaren metafora baita.

Iñigo Urdinaga (idazlea)  - Koaderno handia

Etxealdia primerakoa da asko gustatu zitzaizkigun liburuak berrirakurtzeko ere. Orduan bezainbeste gozatu dut Agota Kristofen lan honekin. Nobela fina (hitzaren bi zentzutan). Bikain euskaratua, erraz irakurtzen dena baina gordina, indartsua. Bi anai bizki, haurtzarotik nerabezarorako ikasketa, gerra...

Luisa Fernandez (udal langilea) - Tierra

Eloy Morenoren Tierra liburua da azkena irakurri dudana, eta harrapatu egin nauela aitortu behar dut. Eleberriak gizarteaz hausnartzeko aukera irekitzen du, eta gehiegi pentsatu gabe, markatzen diguten bidea jarraitzen dugula agerian uzten du. Horrez gain, telebistak gizartean duen eraginaz gogoeta egiten du eleberriak.

 

Arantxa Solaberrieta (irakaslea) - Isiltasun urte luzeak

Francisco Castroren Isiltasun urte luzeak liburua aukeratu dut herritarrei gomendatzeko. Bere jatorrizko izenburua Tantos anos de silencio da, galegoz idatzia, eta Mitxel Murua Irigoienek itzuli du Alberdania argitaletxean argitaratzeko. Eleberri honetan 1936ko gerran Galiziako Flavia Pazoan desagertutako hainbat herritarren istorioa kontatzen da, eta gertakari haien ikerketaz arduratzen den Anxelaren indarkeriazko istorio mingarria harilkatzen dira. Bi gaiak, 1936ko gerrako desagertuak eta genero indarkeria, sakonak eta samingarriak izan arren, erraz eta gustura irakurtzen den eleberria dela deritzot.

 

Aiora Larrañaga (kazetaria) - La greve des Battu (Baztertuen greba)

Afrikar jatorri duten idazleen lanak irakurtzea gustatzen zait, bertako kultura ezagutzeko eta ulertzeko aukera aproposa eskaintzen dutelako. Hurrengo lerroetan Aminata Sow Fall idazle senegaldarraren La greve des Battu (Baztertuen greba) eleberria aipatuko nahiko nuke; La huelga de los mendigos da gaztelaniazko itzulpenaren izenburua. Idazleak eleberria 1979an idatzi bazuen ere, gaur egungo errealitatea ulertzeko aproposa da, oso ondo azaltzen baitu mendebaldeko ohituren eta kultura tradizionalaren arteko talka. Izan ere, Senegalen oso garrantzitsua da behartsuei limosna ematea, Islamaren oinarrietako bat delako. Hala, gobernuak "kaleak garbitzeko" asmoz, eskaleak hirietatik botatzen dituenean, gizarteko ordena hankaz gora jartzen da, limosna ematerik ez dagoenez, herritarrek ezin dutelako bete erlijioak dioena. Liburu motza eta atsegina da. Hasieran gaztelaniaz irakurri nuen, baina erraza zela ohartuta, jatorrizko hizkuntzan, frantsesez irakurtzera animatu nintzen.     


Iñigo Gaiton (kazetaria) -  Miñan

Itxialdiko lehen egunetan irakurri nuen liburua, eta botika ona izan zen nire aldartearentzat. Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzia da; aurrenekoak ahoz eta bigarrenak eskuz, egileek sarreran diotenaren arabera. Liburuak Ibrahima Balden bizitza kontatzen du, denboran eta espazioan: jaio zenetik gaurdaino eta jaioterritik Europaraino. Gogorra da protagonistaren istorioa; zoritxarrez, unibertsala ere bai, bere kontaketak milaka afrikarren sufrimendua gorpuzten duelako. Minak min, bizitzari gorazarre egiten dion liburua dela iruditu zait, xalo bezain indartsua. Afrika usaintzeko eta ukitzeko aukera eskainiko dio irakurleari, bere ilun eta argiekin.

Pat Cowie (ingeleseko irakasle erretiratua) - Nothern Lights

Irakurri dudan azken liburuak lotura berezia du itxialdiarekin. Nire bilobekin ingelesez hitz egiten dut eta ingelesez irakurtzen diet. Egun hauetan elkartzen ez garenez, erabaki dut liburu bat irakurtzea beraientzat, eta egunero kapitulu bat bidaltzen diet, ingelesarekiko interesa mantendu eta nire ahotsa entzun dezaten. Liburuaren izena da Nothern Lights eta Philip Pullman da idazlea. His dark materials trilogiako lehenengo liburua da, eta oso egokia da nerabeentzat, baina baita helduentzat ere. Harry Potterren liburuetan lantzen den zientzia fikzio mota du oinarrian. Aitortu behar dut ez dela nik gehien atsegin dudan genero literarioa, baina liburuak harrapatu egin nau, eta bigarren liburua irakurtzeko gogoa piztu zait. Izan ere, uneoro irakurlearen jakin-mina bizirik eustea lortzen du idazleak. Horregatik, ingelesez irakurri nahi dutenei liburu hau gomendatzen diet. Gozatu irakurtzen!

 

Onintza Lete (kazetaria) - El monje negro

Irakurri dudan azkenaurreko liburua da Anton Txekhov idazle errusiarraren El monje negro. Egongelako apalategian egon da orain gutxi arte ezkutuan, bikoteak-edo erosita bere garaian. Aitortu behar dut aurrenekoz irakurri dudala bere lan bat, eta sekulako miresmena eragin dit autoreak, ikaragarria delako zenbat gauza esan daitezkeen, zer sakonak, hain hitz gutxitan, eta eguneroko bizitza deskribatzen duen bitartean, gainera. Gauero, gure bi umeen erdian oheratutakoan, altxor handi bat gordetzen duen kutxa txikia irekitzea bezalakoa izan da; azkenerako, egunak eta egunak liburua ireki gabe eman behar izan ditut, azkarregi amai ez zedin.

 

Rikardo Uzkudun (irakaslea) - Ene Herri Txikia

Gaby nerabezaroan sartzen ari da. Umezaro zoriontsua izan du, eta horren hondarrak kontatzen hasten da historia. 11-12 urte izango zituen artean, eta kuadrillako lagunak, auzoko txokoak eta beren ibilerak azaltzen doa lehendabiziko orrietan. Aldi berean, eskolen arteko trukean gutun bidez ezagutzen duen lagun frantziarraren berri ere ematen du. Txikitako bizipoz idiliko horietako bat arnasten da kontakizunaren lehen zatian. Inguruko edozein herri izan zitekeen 80. hamarkadan esate baterako, udako kale giro epelean.

Baina, kontakizuna Burundin jazotzen da. Afrika erdialdeko herri txiki batean. Oriotarroi ezagunago egingo zaigu Ruanda, Ori-Zautz elkartearen bidez bideratzen den laguntza dela eta, ba haren ondoan dago, eta oso loturik daude bi herrien historia eta jendartea. Gabyk, hain justu, ama ruandarra du, eta aita frantsesa.

San Nikolas egun batean, ordea, okertzen hasten da historia, nola etxean hala herrian.

Lehenengo pertsonan bizitutakoa eta idatzia, lehenengo nobela du Gael edo “Gaby” Faye musikari eta idazleak. Euskarara Irati Bereauk ekarri du, eta filma ere egin dute.

Norberaren bizipenetik, etxeko kontuak eta komunitate baten gainbehera bikainki txirikordatzen dira letra artean. Sentsibilitate handiz idatzia, ni hunkitu egin nintzen, besteak beste, lagun frantziarrari idatzitako azken gutuna irakurtzean.

Beñat Ibarbia (ikus-entzunekoetako ekoizlea) - Estepako otsoa

Herman Hesse idazle alemaniarraren Estepako otsoa liburua gomendatuko nuke irakurtzeko. Gizarte modernoaren eta gizakiaren arteko arrakala primeran erakusten du lan horrek, eta horregatik iruditzen zait interesgarria.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!