Adinekoek ere kalera ateratzeko aukera izango dute maiatzaren 2tik aurrera

Karkara 2020ko api. 26a, 19:37

Ez du irteeren gaineko zehaztapenik eman Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak; izan ere, oraindik ez da ziurra datorren larunbatean kirola egiteko eta paseorako baimena emango duten edo ez. Hark esan duenez, umeei emandako baimenak kutsatze datuetan eragiten badu, aldaketak egon daitezke maiatzaren 2an ezartzea aurreikusten duten neurrietan.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo, larunbata, iragarri zuen koronabirusaren pandemiaren krisiak hobera egiten jarraitzen badu, maiatzaren 2tik aurrera kirola egitera edo paseora ateratzea ahalbidetuko dutela. Eta gai horri lotuta, hainbat zehaztapen egin ditu Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak gaur, igandea. Hark azaldu duenez, maiatzaren 2tik aurrera kalera ateratzeko aukera ematen badute, adinekoek ere izango dute horretarako aukera.

Illak adierazi duenez, koronabirusarekin kutsatutakoen kopurua behera ari da egiten, baina oraindik ere bada arriskua, eta "zuhurtziaz" jokatzea eskatu du. Hark esan duenez, umeei emandako baimenak kutsatze datuetan eragiten badu, aldaketak izan daitezke maiatzaren 2an ezartzea aurreikusten duten neurrietan. Dena den, Osasun ministroaren arabera, oro har, herritarrek bete dituzte haurrak kalera ateratzeko jarritako irizpideak eta neurriak, baina esan du oraindik ere posible dela "moldaketak" egitea.

Bestalde, Illak adierazi du ezin duela erantzun itxirik eman, baina alarma egoera hamabost egunean bukatuko dela pentsatzea "azkarregi" joatea dela. Dena den, ez du argitu maiatzaren 9tik aurrera konfinamendua luzatzea aurreikusten duten ala ez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!