Balkoian edo leihoan koloretako puntua jartzeko deia egin dute Euskaralditik

Karkara 2020ko api. 27a, 16:31

Itxialdiko egunetan hizkuntza-ohiturei buruz gogoeta egitera gonbidatu dituzte herritarrak Euskaralditik, eta euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitera ere bai.

Euskalgintzako eragileek eta euskal herrietako administrazioek elkarlanean antolatzen duten EUSKARALDIAren barruan, ekimen berezi bat jarri dute martxan konfinamendu-egun hauetarako: ETXEALDITIK EUSKARALDIRA.

Kontua da aprobetxatzea etxean egon beharreko egun hauek, hizkuntza-ohiturei buruz gogoeta egiteko eta ahalegina egiteko euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko.

Maiatzaren 3ra arte, egunero aholku bat jasoko dute herritarrek, praktikan jarri eta beren hizkuntza-ohituretan aldaketa eragiteko. ETXEALDITIK EUSKARALDIRA ekimenean parte hartzea sustatu nahi du Orioko Udalak, eta horretarako, herritarrei eskatzen die adi egoteko egunero sare sozialetan zabalduko diren mezuei.

Hau da ekimenaren berri emateko zabaldutako mezua:

Elkar ikustea, besarkatzea, ukitzea ia ezinezkoa zaigun honetan, inoiz baino ageriago gelditu zaigu elkarren beharra daukagula: elkarrekin komunikatzeko beharra, hitz egiteko beharra. Horregatik, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoeran bizitzea tokatu zaigun etxealdian inoiz baino gehiago hitz egiten ari gara elkarrekin, bai zuzenean etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin ere.

Komunikatzeko, hitz egiteko, elkarrekin aritzeko behar horren oinarrian, hizkuntza dago. Horregatik, proposamena dugu zuentzako: hasiko gara hizkuntza ohiturak etxetik aldatzen?

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertukoekin ditugun harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa da proposatzen dizuguna. Horrela etxetik hasiko gara prestatzen azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun Euskaraldia, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.

Animatu eta parte hartu!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!