'Elkano: lehen mundu bira' filma izango da ikusgai bihar Karkara.eus-en Etxealditik Euskaraldira ekimenaren barruan

Karkara 2020ko api. 28a, 13:52

Etxealditik Euskaraldira ekimenaren barruan film emanaldi bateratua prestatu dute EITBk, Tokikomek eta Topaguneak. Hori dela eta, bihar 16:00etan 'Elkano: lehen mundu bira' filma izango da ikusgai UKTko hedabideetan. 21:00etan, aldiz, 'Gartxot: konkista aitzineko konkista' izango da ikusgai Erlo Telebistan. 

Tokikom toki komunikabideen bateraguneak eta EITBk sinatu duten akordioa tarteko, bihar Gartxot: konkista aitzineko konkista eta Elkano: lehen mundu bira filmak eskainiko dituzte aldi berean, Euskal Herriko euskarazko telebista eta toki hedabide ugaritan, eta horien artean daude Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideak. Euskaraldiak Etxealditik Euskaraldira ekimenaren barruan biharko prestatutako proposamenaren bueltan antolatu dute filmen emanaldia Tokikomek eta EITBk.  “Hizkuntza eta ohiturak izan dira proposamenaren ardatza”, eta  “euskarazko ikus-entzunezkoez gozatzeko” nahiz “euskarazko ekoizpenen kontsumo-ohitura bultzatzeko” egin dute bat tokiko hedabideek eta telebistek.

Horrenbestez, bihar, 16:00etan hasita. Elkano filma izango da ikusgai UKTko hedabideetan; hain zuzen, Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen, Uztarriaren, Zarauzko Hitzaren eta Urola Kostako Hitzaren webguneetan eta Erlo Telebistan. 21:00etan, aldiz, Gartxot: konkista aitzineko konkista izango da ikusgai Erlo Telebistan.

 

Filmen inguruko xehetasunak

Gartxot: konkista aitzineko konkista 2011. urtean Juanjo Elordiren eta Asisko Urmenetaren zuzendaritzapean egindako animaziozko filma da. Urmenetaren Gartxot komikian oinarritutako zinta da —Arturo Kanpionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa liburutik abiatutako komikian, alegia—.

 

Elkano: lehen mundu bira, aldiz, iaz zinema aretoetan estreinatutako animazio film bat da. Angel Alonso da zuzendaria, eta Jose Antonio Vitoriak eta Garbiñe Losadak Juan Sebastian Elkanoren ibileretan oinarritu zuten filmerako egindako gidoia. Animaziozko film onenaren Goya sarirako izendatua izan zen.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!