Alarma egoera maiatzaren 24ra arte luzatzea onartu dute

Karkara 2020ko mai. 6a, 19:49

Proposamena aldeko 178 botorekin onartu dute. EAJk aldeko botoa eman du, eta EH Bildu abstenitu egin da. Datozen egunotan emango ditu gobernuak luzapenaren xehetasunak.

Espainiako Kongresuak alarma egoera beste hamabost egunez luzatzea onartu du. Koronabirusa ez hedatzeko ezarritako ezohiko egoera maiatzaren 23ko asteburura arte luzatuko da. Proposamenak aldeko 178 boto jaso ditu, kontrako 75 eta 97 abstentzio. Datozen egunotan emango ditu Espainiako Gobernuak luzapenaren inguruko xehetasun gehiago.
 
Saio luze batean, COVID-19ak eragindako krisialdian Pedro Sanchezen gobernuak erakutsitako jarrera eta erabakiak gogor kritikatu dituzte oposizioko alderdiek, baita gobernuaren aliatuek ere. Krisialdian akatsak egin izana onartu du presidenteak, baina bizitako egoera "oso gogorra" izan dela ere aipatu du. "Pandemiaren kudeaketan ez dago erabat asmatzerik, baina akatsak larriak izan daitezke, eta alarma egoera altxatzea akats handia izango litzateke", azaldu du.
 
Giroa bero egon da luzapena aztertzeko saioaren aurreko egunetan. Espainiako eskuineko alderdiek beren kritikak areagotu zituzten. VOX alderdi ultraeskuindarrak kontrako botoa aurreratu zuen. PP eta Ciudadanos, berriz, oso kritiko agertu ziren azken asteotan Sanchezen gobernuarekin, hartutako erabakiak oposizioko alderdiekin ez kontsultzatzeagatik, besteak beste.
 
Martxoaren erdialdean alarma egoera ezarri zenetik, Sanchezen gobernuak hartu duen jarrera zentralista ere salatu dute Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako alderdi abertzaleek. Iñigo Urkullu lehendakaria, adibidez, oso kritiko agertu da Espainiako Gobernuarekin, konfinamenduko edota arinaldiko neurriak autonomia erkidegoekin kontsultatu ez zituelako.
 
Kataluniako alderdiek, ERCk eta PdeCatek, kontrako botoa iragarri zuten saioaren atarian. EAJk eta EH Bilduk saioaren egunera arte itxaron dute hartutako erabakiaren berri emateko.
 
Alderdien iritziak atzo hasi ziren aldatzen, eta horrekin, luzapena onartzeko aukerek indarra hartu zuten. Lehendabizi, akordio batera heldu zen gobernua Ciudadanos alderdiarekin, eta haren hamar diputatuek alarma egoeraren luzapenaren aldeko botoa eman dute.
 
Gaur bertan, saioaren aurretik, EAJren aldeko botoa lortu du Madrilgo agintaritzak. Jeltzaleen aldeko botoa ziurtatu du Sanchezek, autonomia erkidegoei protagonismo handiagoa ematearen ordainetan. Erkidegoentzako 16.000 milioi euroko diru poltsa sortuko duela iragarri du Sanchezek saioan zehar. Erkidegoek ez dute diru hori itzuli beharrik izango.
 
EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Mertxe Aizpurua diputatuak esan duenez, ez zen izango bere alderdia alarma egoera erortzen utziko zuena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!