Alarma egoera beste hilabetez luzatzea eskatuko du Espainiako Gobernuak

Karkara 2020ko mai. 16a, 15:15

Alarma egoeraren azken luzapena izango dela nabarmendu du Sanchezek, eta, ekainean zehar, arinaldia bukatu arte, iraungo duela iragarri du.

Koronabirusa ez hedatzeko alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak martxoaren 15ean. Gaitzari aurre egiteko etxean geratzeko agindu zien herritarrei, eta baita mugimenduak ere murriztu zituen. Ordutik, alarma egoeraren luzapenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Kongresuari. Azken luzapena maiatzaren 24an bukatzen da, baina egoera beste hilabetez luzatzea eskatuko duela iragarri du gaur eguerdian Sanchezek. 

Azken luzapena izango dela nabarmendu du Sanchezek, eta, ekainean zehar, arinaldia bukatu arte, iraungo duela iragarri du. Alarma egoerak emaitza onak eman dituela aipatu du, “bai kutsatu asko izan dituzten lurraldeetan, baita gutxi izan dituztenetan ere”. Zuhurtzia eta segurtasun neurriak defendatu ditu horregatik, “jarraitzen ari garen bidea da eta bakarra”. 

Kongresuak luzapena onartzen badu, alarma egoera Osasun ministerioak gidatuko duela adierazi du, autonomia erkidegoekin batera. “Aste batzuez bada ere, eskubide batzuk murriztuta egongo dira, zirkulaziokoak, adibidez”, azaldu du presidenteak. “Herritarrak libre mugitzea eta elkartzea murriztu behar dugu, kutsatzeko arrisku handia dagoelako oraindik”, azpimarratu du Sanchezek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!