Bigarren fasean kirola egiteko eta paseatzeko ordutegiak luzatu egingo dira

Karkara 2020ko mai. 17a, 14:00

Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) bigarren fasean egin ahal izango diren ekintzak zehaztu ditu Espainiako Gobernuak. Kirola egiteko eta paseoak emateko ordutegiak malgutu egingo dituzte, eta jatetxeek, merkatalguneek zein kirol instalazioek ateak ireki ahal izango dituzte.

Espainiako Gobernuak arinaldiaren bigarren fasean egin ahal izango diren ekintzak zehaztu zituen atzo, larunbata, Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE). Bertan agertzen den aldaketa nabarmenetariko bat kirola egiteko eta paseoak emateko ordutegien malgutzea da. Helduek ia egun osoan egin ahal izango dute kirola, 70 urtetik gorakoentzat gordetako tarteetan (10:00-12:00 eta 19:00-20:00) izan ezik. Hau da, 06:00etatik 10:00etara, 12:00etatik 19:00etara eta 20:00etatik 23:00etara atera ahal izango dira herritarrak kalera kirola egitera edo paseatzera.

Horrez gain, beste hainbat berrikuntza ere arautu dituzte dekretu berrian. Saltoki txikiek beherapenak ezarri ahal izango dituzte beren saltoki fisikoetan ere. Gai honek eztabaida eragin zuen merkatarien artean, Salvador Illa Osasun ministroak egindako adierazpenetan esan baitzuen sarean soilik ezarri ahal izango zirela produktuen beherapenak eta promozioak. Orain, ordea, atzera egin du Espainiako Gobernuak eta nabarmendu du fase guztietan egin ahal izango direla merkealdia, betiere jende pilaketak saihestuta nahiz segurtasun eta osasun neurriak hartuta.

Bestalde, jatetxeek eta tabernek ere beren lokalak irekitzeko aukera izango dute bigarren fasean, baina gehienezko edukieraren erdiarekin soilik. Merkatalguneak ere ireki ahal izango dira, eta 400 metro koadrotik gorako saltokiak ere bai, baina eremua mugatuta. Horrez gain, igerilekuak zein bestelako hainbat kirol instalazio ere irekiko dituzte, baina txanda hartu beharko da horietara joateko. Jaunartzeak eta ezkontzak ere ospatu ahal izango dira, mugekin. Ikastetxeak bigarren fasean irekitzerik ez du aurreikusten, ordea, Espainiako Gobernuak, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak aste honetan iragarri zuen maiatzaren 25ean irekiko zituztela ikastetxeak.

Dena ondo bidean, datorren hilaren 25ean pasatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa arinaldiaren bigarren fasera. Halaxe iragarri zuen atzo, larunbata, Nekane Murga Osasun sailburuak. Bihartik aurrera, berriz, hiru lurralde historiko horietako herritarrek beren lurraldearen barruan mugitzeko aukera izango dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!