Gaurtik indarrean diren aldaketak

Karkara 2020ko mai. 18a, 14:01

Konfinamendua arintzeko lehen fasean jarraitu arren, indarrean ziren neurrietan hainbat aldaketa onartu ditu Espainiako Gobernuak. Gaurtik, besteak beste, probintzia guztian barrena mugitu ahal izango dute herritarrek, eta ehiza eta arrantza praktikatu ahal izango dituzte. 10.000 biztanletik beherako herrietan ordutegiak kenduko zituela ere esan zuen, baina BOEn ez du neurri hori argitaratu. 

Joan den astelehenetik, konfinamendua arintzeko lehen fasean daude Hego Euskal Herriko lau lurraldeak, eta hori hala izango da, gutxienez, datorren astelehenera arte. Hala ere, gaurtik, lehen fase horretako neurri batzuk arinduko zaizkie herritarrei, eta askatasun gehixeago izango dute hainbat jarduera gauzatzeko. Honakoak dira gaurtik indarrean diren aldaketa aipagarrienak:

  • 10.000 biztanletik beherako herrietan, ordutegirik ez: Espainiako Gobernuak larunbatean iragarri zuen gaurtik kendu egingo zituela herritarrek kalera ateratzeko ordutegiak 10.000 biztanletik beherako herrietan, baina BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean ez du argitaratu arau hori eta Ertzaintzak ere ez du jaso astero argitaratu ohi duen irizpideen txostenean. Kalera ateratzeko ordutegi horiek maiatzaren 2tik daude indarrean, 5.000 biztanletik gorako herrietan. Hortik beherakoek, ez dute ordutegirik. Arau berria indarrean sartuko balitz, Urola Kosta eskualdeko zazpi herritan izango luke eragina: Orion, Getarian, Aian, Zestoan, Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman. Beste lau udalerriek, Zarautzek, Azpeitiak, Azkoitiak eta Zumaiak 10.000 biztanle baino gehiago dituzte; beraz, kalera ateratzeko orain arteko ordutegi berak izaten jarraituko dute: 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tartea ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko, 12:00-19:00 tartea 14 urtetik beherakoentzat, eta 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta menpekotasunak dituztenentzat.
  • Probintzian barrena mugitzeko askatasuna: orain arte, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek bizilekua duten udalerrian eta ondokoan bakarrik egin zitzaketen joan-etorriak. Lanerako, osasun edota adinekoen kontuengatik soilik mugitu zitezkeen herritarrak udalerritik edo alboko udalerritik harago. Gaurtik aurrera, ordea, probintzia osoan ibili ahal izango dira, eta Gipuzkoa izango da Urola Kostako biztanleen joan-etorrien muga.
  • Bigarren etxebizitzara, probintzi berean badago bakarrik: herritarrek probintzia guztian barrena mugitzeko askatasuna izango dutenez, bigarren etxebizitzara joateko aukera ere izango dute, baina soilik bigarren etxebizitza hori bizi diren probintzia berean badago. Kasu horretan, han lo egiteko aukera ere izango lukete.
  • Arrantza eta ehiza egiteko askatasuna: gaurtik, kirol arrantza eta ehiza egiteko baimena dute herritarrek. Jarduera horietan, beharrezkoa izango da pertsonen arteko tarteak zaintzea eta osasuna babesteko neurriak hartzea. Taldeka egin beharreko ehiza jardueretan, beharrezkoa izango da arduradun bat izendatzea, eta hark jarduera plan bat aurkeztu beharko du taldeak hartuko dituen babes neurriak zehaztuz.
  • Saltoki handiak zabaltzeko aukera: 400 metrotik gorako azalera duten saltokiek ateak zabaldu ahal izango dituzte, baina saltzaileek espazioa egokitu beharko dute, 400 metro koadro baino gehiago ez edukitzeko irekita. Saltoki txikiek dituzten arau berak bete beharko dituzte euren jarduera gauzatzeko orduan. Komunek itxita egon beharko dute, eta jantziak eta probalekuak desinfektatu egin beharko dira erabiltzen diren bakoitzean. %30era murriztu behar dute edukiera eta gutxienez bi metroko tartea bermatu behar dute bezeroen artean; ezin bada, bezero bakarra sartu ahal izango da dendan. Gainera, lehentasunezko ordutegi bat ezarri behar dute 65 urtetik gorakoentzat.
  • Merkealdia, baimenduta: establezimendu fisikoek beherapenak eta promozioak eskaini ahal izango ahal izango dituzte eta baita merkealdia egin ere. Joan den astean, Espainiako Gobernuak galarazi egin zuen saltoki fisikoetan horrelakorik egitea, jende pilaketak sahiesteko helburuarekin. Orain, ordea, atzera egin du, eta nabarmendu du fase guztietan egin ahal izango dela merkealdia, beti ere jende pilaketak saihestuta eta segurtasun eta osasun neurriak hartuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!