Uemak bertan behera utzi ditu udalerri euskaldunetako gazteen topaketak

Karkara 2020ko mai. 19a, 19:13

COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, ez dituzte egingo ekainaren 29tik uztailaren 5era Zumaia eta Lekeitio artean egitekoak ziren udaleku ibiltariak. Dena den, urtearen bukaeran gazteentzat beste zerbait eskaintzea aztertzen ari da Uema, hezkuntza araututik kanpo gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea "giltzarria" dela uste duelako.

Uema udalerri euskaldunen mankomunitateak bertan behera utzi ditu ekainaren 29tik uztailaren 5era egitekoak ziren topaketak. COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, ez dituzte egingo Zumaia eta Lekeitio artean egitekoak ziren udaleku ibiltariak.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko antolatzen ditu topaketak, eta aurten egitasmoaren laugarren edizioa ziren egitekoak. Dozenaka lagunek eman dute topaketetarako izena aurten ere, baina ezin izango dituzte gauzatu, "aurreikusita bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".

Dena den, urtearen bukaeran gazteentzat beste zerbait eskaintzea aztertzen ari da Uema, hezkuntza araututik kanpo gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea "giltzarria" dela uste duelako. Uemaren hezkuntza arduradun Jokin Urangak azaldu duenez, "kolpe gogorra" izan da topaketak bertan behera uztea, baina Gabonetako oporren bueltan-edo beste molde bateko topaketak egitea aztertzen ari direla adierazi du.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!