Ur Kontsortzioak ezohiko neurriak onartu ditu krisialdiaren eragina arintzeko

Karkara 2020ko mai. 20a, 13:30

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ezohiko neurriak hartu ditu COVID-19 gaitzak sortutako krisialdiaren aurrean. Besteak beste, alarma egoerak iraungo duen denboran ordainketa ezagatik itxita egon diren saltokiei urik moztuko ez diela azaldu du.

Aho batez hartutako neurri hauen helburua, "egoera ahulenean dauden kolektiboak eta osasun-krisiak gehien erasandako negozioak babestea" dela iragarri du kontsortzioak, "bereziki zailtasun ekonomikoak dituzten familiak, autonomoak eta enpresak". Ordaintzeko moduak erraztu dituela, ur hornidura bermatuko dela, eta ur mozketarik ez dela izango adierazi du entitate publiko honek.

Neurri zehatzei dagokionez, fakturen ordainketa egiteko borondatezko epea abenduaren 31 arte luzatuko dutela iragarri du, eta errekargurik eta interesik gabeko zatikako ordainketa egiteko erraztasunak emango dituztela ere azpimarratu du. 

Alarma egoeraren ondorioz itxita egon diren komertzio eta ostalaritzako negozioentzako neurriak ere hartu ditu entitateak. Batetik, egoera honek irauten duen bitartean, ordainketa egin ez duten komertzio edo ostalaritzako negozioei ura moztuko ez dietela iragarri du. Bestalde, bigarren hiruhilekoari dagokion fakturaren tarte finkoa %100 hobetsiko duela ere azaldu du, eta hori ordaindu beharrik ez dela izango.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!