Adinekoen egoitzetako egoiliarrek senitarteko baten bisita jaso ahal izango dute ekainaren 8tik aurrera

Karkara 2020ko mai. 21a, 14:55

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, deseskalatzearen hirugarren fasean hasiko dira senitartekoak egoiliarrak bisitatzen, programatutako ordutegietan eta segurtasun neurri handiak hartuta. Egoitzetan kokatuta ez dauden eguneko zentroak ere ekainaren 8an zabaltzen hastea aurreikusten du foru erakundeak.

Ekainaren 8tik aurrera, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoiliarrek senitartekoen bisitak jaso ahal izango dituztela aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakunde horrek egindako plangintzaren arabera, deseskalatzearen hirugarren fasean bisita programatua gauzatu ahal izango dute egoiliarrek eta horien familietako kide banak. Banakako bisita horiek segurtasun neurri handiak hartuta egingo dituzte. Ekainaren 22tik aurrera, berriz, bi senitartekoren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek. Gainera, bi fase horietan egoiliarrek eta senitartekoek egiten dituzten bideo-deiekin segituko dutela azaldu du Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak.

Deseskalatzarean hirugarren fasean egoliar berrientzat plazak irekiko dituztela ere azaldu du Aldundiak; hain zuzen ere, PCR proban negatibo eman duten adinekoek eta aurrez isolamendua gauzatu dutenek izango dute horretarako aukera. Bestalde, konfinamendua igarotzera etxera itzuli ziren egoiliarrek ere itzultzeko aukera izango dute ekainaren 8tik aurrera. Dena den, fase horretan ez dira baimenduta egongo erabiltzaileen irteerak eta egoiliarrek boluntarioekin egin ohi dituzten jarduerak.

Joan zen martxoaren 13az geroztik bisitarik ez dute izan Gipuzkoako egoitzetan bizi diren adinekoek; izan ere, koronabirusaren eraginez, adinekoena kolektibo zaurgarrienetakoa izanik, hainbat neurri hartu behar izan zituzten egoitzetan. Gainera, egoitza batzuk gogor kolpatu ditu koronabirusak, Zarauzko Santa Ana eta Zumaiako Otezuri kasu, baina gaur-gaurkoz ez dago koronabirus kasurik Urola Kostako egoitzetan.

Eguneko zentroak ere bai

Eguneko zentroak ere itxita daude martxoaren erdi aldetik.. Aldundiak adierazi duenez, baina, zentroak hasi dira dagoeneko kontingentzia planak prestatzen eta etxez etxeko zerbitzuak eskaintzen. Bigarren fasean, berriz, zentroak egokitzen hasiko dira, eta erakundearen arabera, hirugarren fasean, hau da, ekainaren 8tik aurrera, hasiko dira horiek “pixkanaka” zabaltzen. Irekitzerakoan egoitzetan kokatuta ez dauden zentroei emango diete lehentasuna.

Peña diputatuak azaldu duenez, Aldundiak gauzatu duen planaren helburu nagusia prebentzioa da, eta azaldu du egoera juridikoaren nahiz epidemiologikoaren arabera aldatu egin daitekeela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!