Maskarak: nork, noiz eta nola?

Gaur sartu da indarrean maskaren derrigorrezko erabileraren gaineko araua. Atzo onartu zuen Espainiako Gobernuak alarma egoera ekainaren 7ra arte luzatzea, eta 6 urtetik gorako herritarrek ordura arte maskara erabili beharko dute gune itxietan nahiz pertsonen artean bi metroko distantzia mantendu ezin den gune irekietan. Hona hemen, maskaren gaineko hainbat azalpen eta xehetasun.

Nork jantzi behar du maskara derrigor?

  • 6 urtetik gorako herritarrek. Aldiz, gomendagarria da 3 eta 5 urte bitarteko haurrek ere janztea.
  • Salbuespenak:

    • Maskararen erabilerak larriagotu ditzakeen arnas zailtasunak dituzten pertsonak.

    • Maskararen erabilera behar bezala justifikatutako osasun-arrazoiengatik kontraindikatuta badago.

    • Desgaitasun edo mendekotasun egoerak eragindako jokabide nahasmenduak maskararen erabilera bideraezina egiten badu.

    • Maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jardueretan.
Non izango da beharrezkoa maskara janztea?
  • Garraio publikoan.
  • Bide publikoan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa denean.

  • Erabilera publikoa duten edo publikoarentzat irekiak diren espazio itxietan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan.

  • Aire zabaleko espazioetan, bi metroko distantzia mantentzea ezinezkoa denean.
  • Hainbat lanpostutan.

Nola erabili maskara?

Alea toki komunikabideak Espainiako Gobernuaren irizpideekin osatutako infografia.

Zer maskara mota eskura daitezke?

Herritarrek erabiltzeko higiene-maskarak edo maskara kirurgikoak lehenetsi dituzte. Dena den, badira bestelakoak ere, higiene-maskarak adibidez. Pertsona osasuntsuei zuzendutako maskarak dira, eta urruntze fisikoaren eta higiene neurrien osagarria da. Gehienez lau orduz erabiltzea gomendatzen dute, eta bi motatakoak daude: berrerabilgarriak eta ez berrabilgarriak. Horietako bakoitzaren ekoizleak jakinaraziko du zenbat aldiz garbi daitekeen. Bi neurritakoak daude (umeak eta helduak) eta edozein saltokitan eskura daitezke.

Markara kirurgikoak, berriz, koronabirusaren proban positibo eman duten sintomadun edo sintoma gabeko pertsonek erabili behar dituzte. Izan ere, maskara horiek osasun langileek eta gaixoek agente infekziosoak transmititzea saihesten du. Maskara horiek ere, gehienez, lau orduz erabiltzea gomendatu dute. Gainera, bustitzen edo kaltetzen bada aldatu egin behar da. Maskara kirurgikoak koronabirusaren oztopo elementuak dira, baina gainerako neurriak ere hartu behar dira ez kutsatzeko. Bi motatako maskarak daude: iragazketa eraginkorra egiten dutenak eta eraginkortasun gutxiago dutenak. Edozein saltokitan eros daitezke paketatuta; farmazietan soilik sal ditzakete banaka.

NBE maskarak ere badira merkatuan, eta horiek COVID-19 gaitza duten pertsonentzat eta haiekin kontaktuan daudenentzat dira. Norbera babesteko balio dute, baina osasungintzako profesionalek erabiltzea gomendatzen dute, batez ere. Izan ere, hesia sortzen du arrisku potentzialaren eta erabiltzailearen artean. Medikuek ere gomenda dakieke maskara horien erabilera kolektibo zaurgarrietako herritarrei. Horiek ere gehienez lau orduz erabiltzea gomendatzen dute, eta bi motatakoak daude: berrerabilgarria eta ez berrerabilgarria. Gainera, babes mailaren arabera ere aukera desberdinak daude. Farmazietan eros daitezke, baita saltoki espezializatuetan ere. Halako maskararik ez du behar birusarekin kontaktuan ez dauden eta birusarekin lotura duten arrisku jarduerak egiten ez dituzten herritarrek.

Adituek azaldu dutenez, etxean egindako maskarak ez dira gainerakoak adina eraginkorrak, baina baliagarriak izan daitezke. Ondo eginez gero eta filtroren bat jarriz gero erabil daitezkeela azaldu dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!