Zer egin daiteke eta zer ez?

Karkara 2020ko mai. 25a, 20:00

Bigarren fasean sartzeak hainbat aldaketa ekarri ditu berekin. Esate baterako, herritarrek ez dute kirola egiteko ordutegirik izango, etxeetan eta lokaletan elkartzeko aukera izango dute, taberna barruan kontsumitu ahal izango dute eta adinekoen egoitzan duten senidea bisitatzera joan. Hori guztia, baina, baldintza batzuekin eta muga batzuen barruan. Hona hemen Ertzaintzak eman dituen zenbait argibide:

Zein merkataritza establezimendu eta zerbitzu egon daitezke irekita?

Alarma egoeragatik jarduera eten behar izan zuten establezimendu txiki eta zerbitzu profesionaleko jarduera guztiak, gehienez %40ko edukierarekin. Hainbat solairu dituzten establezimendu edo lokalen kasuan, solairu bakoitzean proportzio bera gorde beharko dute. Bezeroen artean bi metroko tartea egotea bermatu beharko dute, eta ezin denean, bezero bakarrak egon ahalko du lokalaren barruan. 65 urtetik gorakoentzat lehentasunezko arreta ordutegia ezarri beharko dute, gainera, eta hori guztia ezarritako higiene baldintza eta neurriak betez.

Merkataritza guneek eta merkataritza parkeek ere ateak zabaldu ahal izango dituzte, gehienez %30eko edukierarekin. Merkataritza gunearen barruko establezimenduetan, berriz, edukiera %40ra mugatu beharko dute. Bezeroak ezingo dute merkataritza guneko eremu komunetan egon; soilik denda batetik bestera doazenean pasatuko dira haietatik. Jolas eremuak ere itxita egongo dira.

Merkealdiak edo merkataritza sustatzeko beste jarduera batzuk egin ditzateke?

Bai, egin ditzakete, baina neurriak hartu beharko dituzte jende pilaketarik ez sortzeko, bezeroen arteko segurtasun tarteak zaintzeko eta edukiera mugak betetzeko. Hala ez bada, berehala eten beharko dituzte merkataritza edo sustapen ekintza horiek.

Azokak egin daitezke?

Bai, osasun neurriak hartuta. Udalen ardura izango da saltokien arteko distantzia irizpideak eta azkoka mugatzeko baldintzak ezartzea.

Beilak, hileta zeremonia zibilak eta erlijiosoak zer baldintzan egin ahal izango dira?

Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publikoetan zein pribatuetan. Leku irekietan 25 lagun elkartu daitezke gehienez, eta leku itxietan, hamabost, elkarrekin bizi edo ez. Hildakoaren ehorzketarako edo errausketarako segizioan gehienez 25 lagunek parte hartu ahal izango dute. Gurtza zentroetara ere joan ahalko da, baina edukiera %50era murriztuko da.

Ezkontza zeremoniak egin daitezke?

Bai, ezkontza zeremoniak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publikoetan zein pribatuetan, leku irekietan zein itxietan, edukiera % 50era murriztuta. Leku irekietan gehienez ehun lagun elkartu ahal izango dira, eta itxietan, 50. Zeremoniak irauten duen bitartean, osasun agintariek ezarritako higiene eta prebentzio neurriak bete beharko dira. Ondoren egiten diren ospakizunek ostalaritza edo jatetxe zerbitzuren bat eskatzen badute, jarduera horietarako aurreikusitakoa bete beharko dute.

Hotelak, apartahotelak, landa etxeak, turismo ostatuak eta kanpinak zer baldintzatan ireki daitezke?

Zerbitzu horiek guztiak ireki daitezke eta haietako eremu komunak publikoarentzat irekitzea ere baimenduta dago, betiere edukieraren herena gainditzen ez bada. Animazio eta taldekako jardueretan gehienez hogei lagunek parte hartu ahal izango dute, higiene eta osasun neurriak hartuta.

Zein dira ostalaritza eta jatetxe establezimenduetan zerbitzua emateko baldintzak?

Terrazak ireki ditzateke, edukiera erdira mugatuta, eta mahaien artean gutxienez bi metroko tartea gorde beharko da. Mahai multzo bakoitzean gehienez hamar lagunek egon ahal izango dute eta janariak eta edariak kontsumitu ahal izango dituzte. Udal bakoitzari dagokio terrazak ireki eta ixteko ordutegia ezartzea.

Lokalaren barruan kontsumitzea ere baimenduta dago, edukiera erdira mugatuta. Hori bai, mahaian eserita bakarrik kontsumitu ahal izango da eta mahaien artean bi metroko tartea gordea beharko da.

Diskotekak eta gaueko tabernak irekitzea, aldiz, debekatuta dago.

Elkarte gastronomikoetara joan daiteke?

Bai, edukiera erdira mugatuta. Ostalaritzako gainerako establezimeduei ezarritako arauak bete beharko dituzte horiek ere. 

Etxeetan eta lokaletan elkartu daiteke?

Bai, gehienez hamabost laguneko taldeetan, osasun neurriak hartuta.

Adinekoen edo desgaitasunen bat duten pertsonen egoitza zentroetara eta tutoretzapeko etxebizitzetara bisitak egin daitezke?

Bai, bisitak egin daitezke eta egoiliarrek paseoak ematera ateratzeko aukera ere badute, beti ere foru aldundiek zehaztutako araudiaren eta egutegiaren arabera.

Kultura eta aisialdi jarduerak egin daitezke?

Museoek, kultur etxeek, antzokiek eta zinema aretoek ateak ireki ditzakete, areto eta espazio publiko bakoitzerako aurreikusitako edukiera erdira mugatuta.

Espazio irekietan, barrutiaren edukieraren herena izango da gehieneko edukiera, 400 laguneko  mugarekin. Publikoak eserita egon beharko du, segurtasun tarteak gordeta eta gainerako segurtasun neurriak hartuta.

Mendi ibilaldiak eta bestelako turismo jarduerak egin daitezke?

Bai, gehienez hoegi laguneko taldeetan. Ekimen horiek ez dituzte nahitaez turismo aktiboko eta naturako enpresek antolatu beharko.

Aurrez aurreko hezkuntza eta prestakuntza jarduerak egin daitezke?

Gaurtik aurrera unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloko aurrez aurreko jarduerei berrekingo zaie, eta irakaskuntza jakin batzuetara sartzeko azterketak eta probak egingo dira.

Autoeskolak eta akademiak berriro irekitzea ere baimenduta dago, edukiera %30era mugatuta.

Azterketa ofizialak ere deitu, antolatu eta egin daitezke.

Kongresuak, topaketak, negozio bilerak eta hitzaldiak egin daitezke?

Bai, edozein erakunde publiko edo pribatuk antolatu ahal izango ditu horiek eta horretarako azpiegitura batzuk irekiko dituzte. Gehienez 50 lagunek parte hartu ahal izango dute, euren artean bi metroko tartea gordea.

Probintziatik atera daiteke?
 
Ez, norberaren bizilekua ezarritako probintziaren mugen barruan bakarrik ibil daitezke herritarrak, honako egoera hauetan izan ezik: ohiko bizilekura bueltatzeko; osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, eta antzeko beste edozein arrazoigatik. 
 
Maskara erabiltzea derrigorra da?

Bi metrokoa segurtasun tartea gorde ezin den lekuetan bai. Sei urtetik gorakoek erabili beharko dituzte eta sudurra eta ahoa estaltzen dituzten maskarak erabili beharko dira, ahal dela higienikoak eta kirurgikoak. Pantaila babesleak ez dira maskaratzat hartzen. Arnasteko zailtasunak dituztenak, behar bezala justifikatutako osasun arrazoiak dituztenek edo desgaitasun edo mendetasun egoeragatik maskararen erabilerak kalte egiten dietenek badaukate maskara gabe ibiltzea. Maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jardueretan ere ez da erabili beharko, adibidez, jaterakoan eta edaterakoan, korrika egiterakoan, txirrindularitza egiterakoan, eta abar.

Kirola eta ibilaldiak egiteko ordutegirik badago?

Ez, kendu egin dituzte, baina 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara 70 urtetik gorako herritarrek eta arrisku taldeetakoek lehentasuna izango dute.

Non eta nola egin daiteke kirola?

Ibilaldiak eta banakako kirol jarduerak hamar laguneko taldean egin ahal izango dira, bi metroko tarteak errespetatuz, eta norbera bizi den probintziaren mugen barruan. Edozein bide edo esparru publikotan, natura eremutan eta baimendutako berdeguneetan egin daitezke jarduera horiek, eta horietara joateko autoa har daiteke.

Kiroldegiak ireki daitezke?

Bai, kudeaketa pribatuko eta publikoko estalitako kirol instalazioak irekitzea baimenduta dago, edukiera %30era mugatuta. Aldagelak ere erabili ahal izango dira, prebentzio eta higiene neurri orokorrak errespetatuz.

Eta igerilekuak?

Bai, kirol jarduerak egiteko zein jolaserako igerilekuak irekitzea baimendu dute, estaligabeak zei estalitakoak, edukiera %30era mugatuta eta edozein herritarrentzat. Hori bai, aurrez hitzordua hartuta joan beharko da.

Ehiza eta arrantza egitea baimenduta daude?

Bai, modalitate guztietan. Ehiztari bat baino gehiagok parte hartzen duten kasuetan, arduradunak jarduera plan bat eduki beharko du, zaindu beharreko prebentzio eta higiene neurriak zehaztuta.

Kirolari profesionalek eta federatuek nola egin ditzakete entrenamenduak?

Banaka edo entrenatzaile baten laguntzarekin, aire zabalean eta ordu mugarik gabe. Dagokien federazioak emandako kirol lizentziarekin edo goi mailako kirolariaren ziurtagiriarekin egiaztatu beharko dute beren izaera.

Federatutako kirolariek banaka aritu beharko dute, ordu mugarik gabe.

Federatutako 14 urtetik beherakoek eta 70 urtetik gorakoek egunean bi aldiz egin ahal izango dute kirola, ordutegi mugarik gabe, probintziaren mugen barruan.

Liga ez profesionaletan parte hartzen duten klubetako kirolariek oinarrizko entrenamenduak egin ahal izango dituzte, banaka eta dagozkien prebentzio eta higiene neurriak hartuta.

Haurrek nola ibili behar dute kalean?

14 urtetik beherako haurrak bizikidetza unitatearekin atera ahal izango dira, edo, gutxienez, pertsona heldu arduradun batekin, ordu tarterik gabe. Ezin izango dute aire zabaleko haurrentzako jolas espazioetara sartu.

Baimenduta al dago kirol nabigazioa?

Bai. Ontzi guztiekin nabigatu ahal izango da, probintziako mugen barruan, okupazioa erdira murriztuta, gehienez hamar laguneko taldeetan. Ontziak ezin izango dira 12 milia baino gehiago urrundu nabigazioa hasten den portutik.

Autokarabanan ibil daiteke?

Bai, bai joan etorrietarako, bai gauak pasatzeko, probintzia barruan.

Zer egin daiteke hondartzetan?

Edozer, baina gehienez hamabost laguneko taldeetan eta bi metroko tarteak gordez. Udalei dagokie sarbide eta edukiera mugak ezartzea.

Nola ibili behar da autoan?

Etxe berean bizi ez direnek ibilgailu bera partekatzen badute, ilara bakoitzean gehienez bi lagunek joan beharko dute, maskarak jantzita. Etxe berean bizi badira, berriz, autoko leku guztiak bete ditzateke eta ez dute maskararik jantzi beharrik izango.

Nola ibili behar da motorrean?

Motozikletetan, ziklomotorretan eta L kategoriako ibilgailuetan, oro har, bi bidaiari doazenean, maskara edo kasko integrala eta eskularruak eraman beharko dituzte etxe berean bizi ez direnean.

Nola ibili behar da garraio publikoan?

Nahitaezkoa izango da erabiltzaile guztiek maskarak erabiltzea, eta sarbideetan, geletan eta itxarote nasetan bi metroko distantzia mantentzea komeni da.

Bederatzi plaza arteko ibilgailu publikoetan, bi pertsona joan ahal izango eserleku ilara  bakoitzean, elkarren artean ahalik eta distantzia handiena egotea bermatuta beharko da. Bidaiari guztiak etxebizitza berean bizi badira, hiru pertsonak bidaiatu ahal izango dute.

Autobusetan, hutsik mantenduko dira beti gidariak okupatutako eserlekuaren ondo-ondoko besaulkiak, banantzeko manpara bat dagoenean izan ezik. Bidaiari guztiak eserita joan behar direnean, aulki bateko tartea utzi beharko da, etxe berekoen artean izan ezik.

Bidaiariak zutik garraiatzeko plataformak daudenean, ahaleginak egingo dira pertsonek ahalik eta distantzia handiena izan dezaten beren artean.

Joan daiteke familiako pertsona baten bila aireportura edo geltokira?

Bai, probintziako mugen barruan.

Joan daiteke bigarren etxebizitzara?

Bai, probintziako mugen barruan.

Zirkulatu al daiteke IAT iraungita duen ibilgailu batekin?

Bai, baldin eta martxoaren 14az geroztik iraungi bada.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!