Ez dute koronabirus kasu berririk atzeman Gipuzkoan

Lau kasu berri atzeman dituzte Araban, baina Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute kasurik zenbatu. Hiru lurralde horietan azken 24 orduetan hildakoak, berriz, bi izan dira.

COVID-19a agertu zenetik hildakorik eta kutsaturik gabeko lehen eguna izan zen atzokoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken 24 orduetan, ordea, igoera txiki bat izan da, eta lau kutsatu berri zenbatu dituzte Araban. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, ez dute kasu berririk hauteman. 2.803 proba egin zituzten atzo, 1.802 PCR test eta 1.101 test serologiko. Osakidetzak emandako datuen arabera, 19.894 dira krisia hasi zenetik hona hiru lurralde horietan koronabirusarekin kutsatutako herritarrak, eta horietatik %83'2k jaso dute senda-agiria; hau da, 16.547 pertsonak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken orduetan hildakoak, berriz, bi izan dira; eta guztira, 1.543 dira martxotik hona COVID-19 gaitzarekin hildakoak. Hiru lurralde horietako kutsatze-indizeak, berriz, 1 baino baxuagoa izaten jarraitzen du: 0'72. Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du datu horrek.

Bestalde, Osasun Sailaren arabera koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak behera egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta bi paziente gutxiago baitaude. Horrela, gaur egun 27 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!