BABESTUTAKO EDUKIA

Sarrallek aurreratu egin du beka deialdia

Arlo zientifikoan eta teknologikoan gradu bikoitzeko ikasketak hasiko dituzten 18 urtetik 25 urtera arteko emakumeei zuzendutako bekak atera ditu Sarrallek. 1.000 euroko bi beka emango ditu, ikasturteko.

COVID-19ak eragindako pandemiak bi gogoeta garrantzitsu jarri dizkigu mahai gainean: batetik, osasuna, teknologia eta zientzia biltzen dituen sektore indartsua behar dugu, baita profesionalak ere, sektore horietan ia egunero sortzen diren erronkei aurre egin ahal izateko; eta, bestetik, mundu mailako krisi ekonomiko eta sozial larria dute aurrez aurre familiek, eta Euskadi ez da salbuespena.

Egoera horretaz jabetuta, urte askotako beken programa, SARRALLE GROW, aurreratu nahi izan du Sarrallek, behar sozialei eta ekonomikoei bere ekarpena egiteko. Alde batetik, sektore zientifikoan eta teknologikoan bokazioa pizten lagundu nahi du, emakumeena batik bat. Emakumeak ikasketa zientifikoetara bultzatu nahi ditu, emakumeen presentzia areagotuz zuzendaritzako eta ardura handiko postuetan. Bestetik, COVID-19aren eraginak jasan dituzten familiei lagundu nahi die, beren seme-alaben unibertsitate ikasketen aldeko apustua egin dezaten.

Beraz, bigarren edizio honetan izena emateko epea zabaldu du Sarrallek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren 18 urtetik 25 urtera arteko emakumeei zuzendutako bekak dira; zehazki, hurrengo ikasturtean unibertsitate ikasketak zientzia adarretan hasiko dituztenei eta gradu bikoitza egingo dutenei. Gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiarazi nahi du horrela —lau emakumetik batek soilik hautatzen ditu unibertsitate ikasketa zientifikoak—, badakielako sektore horietan emakumeen jarduera tasa gizonena baino askoz apalagoa dela nahiz askotariko arrazoi kultural eta sozialengatik postu okerragoak izaten dituztela. Gainera, emakumeek beren ibilbide profesionalean aurrera egiten duten heinean, gero eta gutxiago iristen dira zuzendaritza eta ardura postuetara, kristalezko sabai eta korridore horien eraginez.

Gradu bikoitza

Ikasturte akademiko bakoitzeko 1.000 euroko beka emango die Sarrallek datorren ikasturtean Zientzietako, Teknologiako, Ingeniaritzako eta Matematikako (STEM) gradu bikoitzeko ikasketak egiten hasten diren emakumeei. Beste 1.000 euroko beka bat ere emango die ikasturteko, gradu bikoitzeko honako ikasketa hauek egiten hasten diren emakumeei: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gehi Zuzenbidea; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gehi Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza; Negozioen Kudeaketa gehi Lan Harreman eta Giza Baliabideak; Ingeniaritza Mekanikoa gehi Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza; Zuzenbidea gehi Lan Harremanak; Nazioarteko Harremanak gehi Zuzenbidea; Zuzenbidea gehi Komunikazioa (edo antzeko gradu bikoitzak).

Bekaren onuradunek, gainera, Sarralleko ingeniaritza esparruan eta korporazioko departamentuetan ordaindutako praktikak egiteko aukera izango dute udako partean, eta gradu amaierako proiektua ere egin ahal izango dute, beren ibilbidea garatu nahi duten taldeko dibisioan.

Lehen bekadunak

Aurtengo udan, beken lehen edizioan Sarralleren dirulaguntzak jaso zituzten bi ikasleak praktiketan hasiko dira, telematikoki, COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez: Leire Martin (Donostiakoa, ikasturte honetan gradu bikoitz hau egiten hasi dena: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gehi Zuzenbide gradua Donostiako Deustuko Unibertsitatean), eta Malen Sanz Ruiz de Erenchun (Zarauzkoa, gradu bikoitz hau egiten hasi dena: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gehi Ingeniaritza Informatikoa Donostiako Deustuko Unibertsitatean). Pandemiak enpresa askotako lan egiteko modua egokitu beharra ekarri du, bai telelanean aritu beharra ere, ahal den guztietan. Hori dela eta, aukera izango dute biek beren prestakuntza esparruei dagozkien jarduerak garatzeko, telelanaren errealitate berrira egokituta bada ere. Sarrallen praktiketan hasteko ilusioz daude biak, nahiz eta egoera desberdina izango den, Sanzek adierazi duenez: «Birusak ekarritako guztia dela eta, praktikaldia ez da izango nik irudikatu bezalakoa, baina uste dut positiboa izango dela».

Enpresa munduarekin lehen harremanak izateko aukera ederra izango dela adierazi dute biek, eta ikasten ari diren hori praktikan jartzeko modua izango dutela Sarralleren ekimenari esker. Gaineratu dute ezinbestekoa dela zenbait arlotan emakumeen presentzia sustatzen jarraitzea, oraindik ere gizonen presentzia nabarmen handiagoa delako unibertsitateko ikasketa batzuetan. «Uste dut Sarralleren ekimena oso lagungarria dela, bai berdintasuna lortzeko borrokan eta bai laguntza ekonomikoari begira ere, are gehiago garai hauetan. Nahiago nuke horrelako egitasmo gehiago izango bagenitu», adierazi du Martinek.

Eskaerak eta esleipena

Interesa duten emakumeek uztailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dute bekaren eskaera, eta irailaren 11ra arteko epea izango dute agiriak entregatzeko. Parte hartzeko ezinbestekoa da 18 urtetik 25 urtera artekoa izatea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizitzea, eta aurreko ikasturtea osorik gaindituta izatea. Aukeratutakoen izenak 2020ko irailaren 8an jakinaraziko dira (epe horiek selektibitateko datekin lotuta daude, eta atzeratu daitezke, COVID-19agatik selektibitatea atzeratuko balitz). Sarralleren webguneko berrien atalean emango da horren berri.

Hainbat urterako bekak jasotzeko interesa duten emakumeek Sarralleko webguneko (www.sarralle.com) Careers atalean dagoen eskaera inprimakia bete behar dute, eta eskatutako agiriak erantsi behar dituzte edota posta elektroniko bidez bidali beharko dituzte eskaera eta agiriak seleccion@sarralle.com helbidera, gaiaren atalean BECAS GROW adieraziz.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!