Ikusi nahi ez den errealitatea

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko eka. 4a, 13:00
Silvia Carrizo Orioko udaletxeko balkoian, hitzaldi telematikoa hasi aurretik. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Zaintza sektorean lan egiten duten emakume etorkinak "gogor kolpatu" ditu COVID-19aren krisialdiak, eta lehendik bizi zuten egoera zaurgarria "areagotu" egin dela azaldu zuen asteartean Orion, Silvia Carrizo Malen Etxeako kideak.

COVID-19ak emakume migranteengan izan dituen ondorioak izan zituen hizpide astearte arratsaldean Silvia Carrizo Malen Etxea elkarteko sortzaileak eta kideak, Orioko Ahalduntze Eskolak antolatutako hitzaldian. Jakina da konfinamenduak gogor kolpatu duela ehun ekonomikoa eta lan merkatua, eta sektore guztietan gertatu dela beherakada nabarmena. Dena dela, Carrizok uste du etxeko lanetan eta zaintza esparruan lan egiten duten emakume migranteek pairatu dutela egoerarik gogorrena. "Emakume etorkin asko babesik gabe daude, lan esplotazioa pairatzen. Sistema kate bat da. Espainiako Atzerritarren Legeak dio etorkinek beren egoera erregularizatu ahal izateko, hiru urte pasa behar dituztela hemen legez kanpo bizitzen. Emakume horiek biziraun ahal izateko lan egin behar dute, baina araututako lan merkatutik kanpo lan egitea beste aukerarik ez dute, eta horrek esplotazio egoera sustatzen du".

Koronabirusaren krisiak emakume horien egoeran izan duen eragina aztertu du Malen Etxea Zumaiako elkarteak, eta horretarako bi inkesta pasa dizkie bazkideei azken hilabeteetan. Bat martxoan egin zuen, konfinamendua abiatu berritan, eta bestea maiatzean, bilakaera zein izan den ikusteko. Guztira, elkarteko 300 emakumek parte hartu dute azterketan, eta horietatik %57 legez kanpoko egoeran aurkitzen direla nabarmendu zuen Carrizok hitzaldian. «Konfinamenduaren eraginez emakume asko lanik gabe geratu ziren, inolako diru-sarrerarik gabe. Beste batzuk, lanera joan behar izan zuten, eta poliziaren jazarpena pairatu, itxialdian baimen berezirik gabe kalean ibiltzea galarazita zegoelako. Eta badira, asko gainera, lana egiten duten etxe berean bizi direlako, bi hilabetez handik atera ezinik geratu zirenak ere».

Aipatutako egoera horiek guztiek emakumeengan "urduritasuna eta ezinegona" sortu dutela azaldu zuen Carrizok. Azterketan parte hartu duten emakumeen erdiak gaur egun ez du lanik, eta ez du laguntzarik jasotzen. "Egoerak gain hartuta dauzka, ez baitiote irtenbiderik ikusten". Gainera, "arazoa transnazionala" dela iritzi zion Malen Etxeako kideak, emakume horiek sorterrian dutelako familia, eta eurak bidalitakoari esker bizi direlako han. "Familia mantentzeko dirurik ez izateak larritasuna eta presioa eragiten die, eta eragin zuzena du emakume horien buruko osasunean. Koronabirusak sortutako krisiaren eraginez, emakume asko kalean geratu dira etsituta, non bizi ez dutelako. Egoera horrek lehen baino zaugarriagoak bihurtzen ditu, biziraun ahal izateko edozein lan onartuko baitute, lan baldintzei erreparatu gabe". Horregatik, emakume migranteekin lan egiten duten elkarteek, tartean Malen Etxeak, gobernuari eta erakundeei eskatu diote langile horien egoera erregularizatzea.

 
Gizarteak ere badu ardura
COVID-19ak lehendik zegoen arazoa "areagotu" besterik ez duela egin aitortu zuen Carrizok hitzaldian. "Emakume etorkinek gizartearentzat ezinbestekoa den zaintza lana egiten dute, baina, kasu askotan, legez kanpo daudenez, ez dute eskubide politikorik eta sozialik. Kontratua dutenak ere lan esplotazioa sufritzen ari dira; dagokiena baino ordu gehiago sartzen dituzte, zenbaitetan araututako lanaldiaren hirukoitza egin eta esklabotza egoeran egoteraino. Batek baino gehiagok esan digu, astean jai egun bat izanda, etxetik ateratzeko baimena eskatu behar diola nagusiari. Emakume horiek 24 orduz lan egiten dute, eta ez dute atseden hartzeko denborarik ere izaten".

Carrizoren esanetan, erakundeek eta gizarteak "entzungor" egiten dute emakume horiek bizi duten egoeraren aurrean, eta lan esplotazioaren arazoaren aurrean "gaizkide" direla ere uste du. "Erakundeek lan esplotazioa bultzatzen duten politika publikoak sustatzen dituzte. Herritar batek dependentzia egoeran dagoen pertsona bat zaintzeko dirulaguntza eskatzen duenean, langileari behar den titulazioa exijitzen zaio, baina ondoren, inork ez ditu kontrolatzen langile horren kontratua eta lan baldintzak".  Horregatik, Malen Etxea elkarteko kideak uste du gizarteak gaiaz kontzientziatu behar duela. "Hausnarketa egin behar dugu, errealitatea aztertu eta gizartea aldatzeko. Ez da onargarria milaka emakume esplotazio egoeran lanean aritzea, gizarteak beste aldera begiratzen duen bitartean. Hau ez da atzerritik etorri diren emakume txiro batzuen arazoa, denon arazoa da. Gizarteak gobernuari exijitu behar dizkio zaintza bermatuko duten politika publiko eraginkorrak izatea. Eta ahalegina egin behar dugu Euskal Herrian bizi garen pertsona guztien eskubideak bermatzeko, inor geratu ez dadin babesik gabe".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!