Sarean da Orio Eragin Eskubaloi Kluba

Karkara 2020ko eka. 11a, 08:56

Orioko eskubaloi taldeak ‘orioeragin.eus’ webgunea eta Orio Eragin izeneko aplikazioa sortu ditu, proiektua azaldu eta klubaren inguruko informazioa emateko.

COVID-19 gaitzak sortutako osasun larrialdi egoerak ezustean harrapatu zuen gizartea, eta eragileek euren jarduna eten eta egoera berrira moldatu behar izan dute azken hilabeteetan. Orio Eragin eskubaloi taldeak, esaterako, etenaldia aprobetxatu du hausnarketa egin eta teknologia berriek eskaintzen dituzten tresnez baliatuz, sarean duen presentzia handitzeko. Hala, orioeragin.eus webgunea sortu berri dute, eta horren bidez zabalduko dituzte jokalarien fitxak, partiden ordutegiak eta emaitzak, sailkapenak, argazki galeriak, babesleak eta proiektuaren inguruko informazioa.

Bestalde, sakelako telefonoetarako —Android eta iOS— aplikazioa ere sortu du eskubaloi klubak, Orio Eragin izenarekin. Aplikazioan webguneko informazio bera aurkituko dute taldearen jarraitzaileek, baina sakelako telefonoko formatura egokitua. Gainera, nahi dutenek erabiltzailea sortu dezakete aplikazioan, eta taldearen jakinarazpenak jasotzeko aukera izango dute.


Teknologia berrien bueltan
Itxialdian kirol jarduna eten egin bada ere, taldeko ordezkariek ez dute jokalariekin harremana galdu nahi izan. Horri lotuta, sare sozialen bidez hainbat erronka proposatu dizkiete klubeko komunitatea osatzen duten familiei, eta etxean entrenamendu saioak egitera ere animatu dituzte. "Azken hilabeteetan teknologia berriek garrantzia handia hartu dute gure egunerokoan, eta testuinguru horretan bururatu zitzaigun klubaren jarduna, proiektua eta asmoak biltzeko eta zabaltzeko webgunea eta aplikazioa sortzea", azaldu du Maria Azkue elkarteko kideak. 

2019-2020 denboraldia bukatutzat eman du Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak, baina datorren sasoian jarri du arreta Orioko eskubaloi taldeak. Oraingoz, "ezer zehatzik" ez dakite elkarteko arduradunek. "Pandemiaren egoerak baldintzatuko du gure jarduna. Eskubaloia kontaktuko kirola da, eta ez dakigu noiz ekin ahal izango diegun entrenamenduei, ezta zein baldintza bete beharko ditugun ere. Karela kiroldegia datorren astean irekiko dute, baina gu martxan noiz hasiko garen ez dakigu". Egun, ehun jokalari baino gehiago ditu klubak, eta datorren denboraldian federatutako sei talde eta eskubaloi eskola izatea aurreikusten dute. "Lanean jarraitzeko gogotsu eta ilusioz gaude".

Orio Eragin kluba merkatari txikiekin bat

Orioko Udalak Sartu Kalera. Bizi Kalea. Erosi Orion! kanpaina abiatu du herriko merkataritza sustatzeko. Orio Eragin klubak ere bat egin du ekimenarekin, eta taldearen babesleen lana argitara emateko bideoak egin eta klubaren sare sozialetan argitaratu dituzte. "Modu horretan, herriko merkatari eta profesionalek hasieran eman ziguten laguntza itzultzeko keinu txiki bat egin nahi izan dugu. Horrez gain, herrian erosketak egitearen garrantziaz sentsibilizatu nahi ditugu Orio Eragin taldeko jokalariak. Gizarteak bizi duen egoera gogor honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da herrian kontsumitzea", diote.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!