PAPEREKOA

Begiak zaintzeko aholku errazak

Karkara 2020ko eka. 14a, 08:37

Orio optikako optometrista Edurne Erkiziak, begiak zaintzeko hainbat gomendio eman zituen maiatzeko Karkara aldizkarian.

Koronabirusetik babesteko itxialdiak aldatu egin ditu haur, gazte eta helduon ohiturak, eta normalean baino ordu gehiago pasa ditugu gailu elektronikoei begira; batzuek lan egin edo ikasi behar zutelako jardun dute ordenadorearen aurrean denbora luzez, eta beste batzuk, aisialdi modura, tablet edo sakelako telefonoekin aritu dira. Hala, berrogeialdiak gorputza gogortu duen bezala, eragina izan du gure begien osasunean ere. Azken asteetan begi azterketa ugari egiten ari gara optikan, eta ohartu gara jendeak denbora asko pasa duela gertura begira, irakurtzen edo pantailen aurrean, eta horrek miopia txiki berriak sortu ditu, edo aurretik miopia zuten zenbaiti areagotu egin zaie.

Arrazoia sinplea da. Gertu dauden gauzak ikusteko begiek fokatu egin behar dute. Gaur egun, denbora asko pasatzen dugu gertura begira, eta gure begiak gailu elektronikoetan iltzatuta ordu luzez egoten dira, pantailatik baztertu ere egin gabe. Gainera, mobilak adibidez, begietatik oso gertu edukitzeko ohitura dugu, eta hori oso kaltegarria da ikusmenarentzat. Izan ere, egoera horretan begiak uzkurtuta egoten dira, aurrean duguna fokatu nahian, baina gure begiak ez daude eginak denbora luzez ahalegin hori egiten jarduteko. Ondorioz, begia lasaitzeko urrutira begiratzen ez badugu, begietan nekea sortzen da. Begi artean karga, buruko mina, begi gorriak edota begietan hondarra izango bagenu bezala sentitzen dugu. Askok esaten dute iluntzerako begiak ixteko gogoa izaten dutela, eta nekatuta sentitzen direla.

Hasieran aipatu dudan bezala, egoera normalean, kalean batetik bestera ibiltzen garenean, sintoma horiek gutxiago nabaritzen ditugu, begiei lasaitzeko aukera ematen diegulako, baina konfinamenduak mugatu egin du gure mugimendu gaitasuna, eta begietan ere antzeman da. Horregatik, begietan nekea sortu ez dadin, garrantzitsua da orduerdiro begirada pantailatik edo liburutik baztertu eta urrutira begiratzea. Horrek begiak lasaiaraziko dizkigu, eta ez ditugu kargatuta sentituko. Ordenagailu, tablet, edo sakelako baten aurrean orduak pasatzen ditugunean, maiz-maiz egin behar da ariketa hori; baita irakurtzen ari garenean ere.

Bestetik, konfinamendutik bueltan antzeman dugun beste ondorioetako bat begi lehorren gorakada izan da. Maskaren eraginez, botatzen dugun airea goruntz joaten da, eta horrek begiak lehortzen dizkigu. Begi lehorren sindromeak batez ere 50 urtetik gorako emakumeei eragiten die normalean, menopausiaren sintometako bat delako malko produkzioa gutxitzea eta kalitatea jaistea. Orain, maskaren erabilerarekin, areagotu egin da ikusmen arazo hori, eta bat baino gehiago etorri zaizkigu begietan hazkura sentitzen dutela esanez. Zorionez, begi lehorrek konponbide erraza dute, malko artifizialak botata nabarmen hobetzen baitira.

Bukatzeko, nabarmendu nahiko nuke garrantzitsua dela begiak zaintzea, gorputzeko gainontzeko organoak zaintzen ditugun bezala, gaurko min arina okertu eta arazo bihurtu deitekeelako etorkizunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!