Non begia, han marrazkia

Aritz Mutiozabal 2020ko eka. 18a, 10:09
Ezkerretik eskuinera, Xabier Etxeberria eta Martin Etxeberria anaiak. (Aritz Mutiozabal)

Iñaki Arenas marrazkilaria bidaide dutela, Xabier eta Martin Etxeberriak ‘Broken Eye’ bigarren komiki liburua argitaratuko dute 2021ean, AEBetako Scout Comicsekin. 

"Beste era bateko istorioak kontatzeko aukera ematen du komikiak, agian eleberri batean ondo funtzionatuko ez luketenak, edo egokiak ez liratekenak. Egia esan, engantxatu egin gaitu". Martin eta Xabier Etxeberria anaiek Buyan. Heriotzaren uhartea lehen komiki liburua eman zuten argitara iragan udazkenean, Aritz Trueba marrazkilariarekin elkarlanean, eta duela bi egun bigarren komiki proiektuaren berri eman zuten pozarren sare sozialen bidez. Broken Eye izenburua darama eta AEBetako Scout Comics argitaletxearen babesean ikusiko du argia 2021ean. 



Etxeberria anaiak dira komikiaren gidoilariak, baina oraingo honetan beste marrazkilari batekin aritu dira lanean: Iñaki Arenas hernaniarrarekin. "Mutil gazte bat da. Honakoa bere bigarren komikia du; lehena autoeditatu egin zuen Vector izenburupean. Esan genezake hau dela bere debuteko komikia, eta sekulako artista da. Asko pozten gara beregatik", adierazi du Xabierrek.

Martinek dio Broken Eye-ren istorioa lehendik zeukatela idatzita, eta menturaz egin zutela topo marrazkilariarekin. "Urtarrilean Angoulemako (Frantzia) komiki azokan izan ginen, eta handik bueltan gentozela Jon Mikel Udakiola ilustratzailearekin topatu ginen. Esku artean genituen proiektuen inguruan hasi ginen solasean, eta Udakiolak bere iloba Iñaki Arenasi buruz hitz egin zigun, oso ona zela esanez. Otsailean pasa genion istorioa marrazkilariari eta Aste Santu ingururako 6-8 orrialde eginak zituen, baita azala ere".


Dena azkar

Komiki berriaren lagina esku artean, argitaletxeen ateak jotzen hasteko txanda zela erabaki zuen hirukoak. "Buyan gure aurreko komiki liburuari esker, harreman batzuk eginak geneuzkan AEBetan, beste argitaletxe batzuetan. Orduan, Scout Comics zigilura bidali genuen lan berria, eta gustatu egin zitzaien. Aste Santua pasata, kontratu proposamen ezberdinak bidali zizkiguten, eta azkar antzera jarri ginen ados", diote anaiek. Urtarriletik hona dena oso azkar etorri dela azaldu dute. Orain, lehendik egindako gidoia doitzen ari dira, eta Arenas buru-belarri ari da orri berriak marrazten.



Buyanen bidaia iniziatiko bat proposatu zuten, zeinean kondaira, historia eta fantasia uztartzen ziren. Broken Eye lan berriak, aldiz, bestelako testuinguru eta giro batera eramango du irakurlea. "Thriller poliziako bat da ukitu fantastiko batekin". Generoari dagokionez, deskribapen zehatza egin du Xabierrek. "Liverpoolen dago kokatuta 1971n, eta protagonista nagusia Seamus Young mutil gaztea da. Umezurtza da, jatorri irlandarra du eta orban handi bat begian, txikitatik urratua. Begi horrek sekretu bat du: ukitzen dituen gauzen iragana ikusi dezake begi horri esker. Istorioan sakonduz, berari gertutik suertatuko zaion hilketa bat gertatuko da, eta hori ikertzen hasiko da. Tartean, IRA agertuko da; garai hartan, berriro armatu zen taldea. Beraz, jokatzen du elementu fantastikoarekin, trama poliziakoarekin eta oinarri politikoarekin. Hiru osagai horiek nahastu ditugu".

Ardatz historikoa oso kontuan hartu dutela aditzera eman dute: IRAk Liverpoolen zituen mugimenduak, 1971n Liverpoolen eta Ipar Irlandan gertaturikoak, Liverpoolen krisi ekonomiko garaian bizitakoa... "Gero, horren gainean sortu dugu istorioa. Honek nobela beltz sozialetik gehiago duela esan daiteke", gaineratu nahi izan du Martinek.


«Ikasi egin dugu»

Buyanekin bizitako esperientziak komikien sektoreak nola funtzionatzen duen ikasteko balio izan diela eta horretara egokitu direla azpimarratu du Xabierrek. "Ikasi egin dugu komiki gidoiak idazten, argitaletxeei nola bidali dosierrak... Buyanekin San Diegoko Comic Con ekitaldira joan ginen, eta han AEBetako argitaletxe gehiagorekin harremanak egin genituen. Aurretik publikatu duzulako horrek ez ditu aterik zabaltzen, argitaletxe hauek monstruosoak dira. Mundu zabaleko eskaintzak etortzen zaizkie egunero, eta ez bazara Eisner Awards sari pila bat lortu duen norbait, ez dira zurekin ezkontzen".



Buyan
ekin konparatuta, Broken Eye-en beste modu batera antolatu dituzte denborak, gidoia bera eta orrialde kopurua. Amerikar formatuan pentsatutako produktu bat da. Bildumak atera aurretik, 24-28 orrialdetako aleak ateratzen dituzte AEBetan, eta horien sail bat osatu ondoren osatzen dute bilduma. Broken Eye lau alez osatutako mini sail bat izango da; ale batetik bestera hilabete eta erdiko argitaratze tartea izan ohi dute gutxi gorabehera, eta halaxe plazaratuko dituzte. Atlantikoaren beste aldera bilduman iristen dira, eta etxeberritarrak Europako argitaletxeekin harremanetan dabiltza orain, beste hizkuntza batzuetan argitaratzeko. "Aurrekoan bezala, nahiko genuke gaztelaniaz eta frantsesez kaleratu, eta ea euskaraz ere".

 

Balerium Tremens, gaztetxoentzako pertsonaia berria

Gaztetxoei zuzendutako liburu bat kaleratzekoak ziren asteotan Etxeberria anaiak, baina dagoen argitaratze pilaketa ikusita, udazkenera atzeratu dute. Gaztetxoentzako liburu sail bat lantzen ari dira Elkar argitaletxearentzat: 'Balerium Tremens'. Saileko lehenengo biak irailean aterako dira: lehena, 'Balerium Tremens eta traganarruak' eta bigarrena, 'Balerium Tremens eta ehiztari beltza'. Hamar urtetik gorakoei egongo dira zuzenduak, eta 80-90 orrialde inguruko eleberriak izango dira,  ilustrazioekin. Horrez gain, hainbat komiki proiektu ere badituzte esku artean, beste marrazkilari batzuekin elkarlanean. Dosierra osatzen dutenean argitaletxeetara bidaltzen hasiko direla jakitera eman dute: «Ea hau bezain azkar joaten diren!».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!