Julen Alonsoren 'Sutan dantzan' ikuskizuna uztailaren 24an egingo da Aiako probalekuan

Karkara 2020ko eka. 24a, 11:42

Antolakuntzak adierazi duenez, bi emanaldi egingo dituzte egun berean, osasun neurriak behar bezala gorde ahal izateko. Tabernetan erositako sarrerak dituztenek 20:00etan izango dute hitzordua; erosketa internet bidez egin dutenek, berriz, 22:30ean.

Julen Alonsok uztailera arte atzeratu behar izan du 'Sutan dantzan' ikuskizunaren estreinaldia, osasun larrialdiaren ondorioz. Aste luzez itxaron ondoren, musikariak estreinako data iragarri zuen atzo: uztailaren 24a, ostirala.

Antolakuntzak bi saio egitea erabaki du, koronabirusaren prebentziorako osasun neurriak ahalik eta ondoen bete ahal izateko. Iluntzeko zortzietan izango da lehena, eta hamarretan bigarrena. Txartel guztiak salduta daude.

Inork sarreraren bat itzuli nahi badu, bada horretarako aukera: txartela internet bidez erosi dutenek turismoa@aia.eus helbidera idatzi behar dute itzuleraren berri emanaz, uztailaren 4a baino lehenago. Erosketa tabernetan egin duten lagunek, berriz, Aiako frontoiko txarteldegira jo beharko dute uztailaren 4an, 17:00eatik 20:00etara bitartean.

Osasun neurri hauek gordeko dira bi emanaldietan:

- Osasun arloko agintariek emandako jarraibideetara egokituko da probalekua. Bi emanaldiek babes eta higiene neurri guztiak beteko dituzte.

- Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da emanaldi guztian zehar, eta probalekuko sartu-irtenetan ere bai. Ikusle bakoitzak bere maskara eraman beharko du.

- Probalekura sartutakoan derrigorrezkoa izango da eskuak garbitzea, han emango den gel hidroalkoholikoarekin. Komunetan ere egongo dira ura eta xaboia.

- Saio batetik besterako tartean, probalekua desinfektatuko da.

- Probalekuko ateak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dira. Antolakuntzak eskatzen du ez itxaroteko azken unera arte barrura sartzeko. 

- Emanaldia amaitzerakoan, atetik gertuen dauden pertsonek lehentasuna izango dute irteteko. Bitartean, ikus-entzuleek besaulkietan itxarongo dute eserita, dagokien txanda heldu arte.

- Osasun gomendioen garapenari eta une bakoitzean indarrean dauden arauei helduta, segurtasun neurriak eguneratuko dira.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!