GUTUNA: Urola Kostako EH Bildu, EAJri erantzunez

Orain egun batzuk Urola Kostako EAJk gutuna helarazi zuen komunikabideetara Zarauzko garbiguneaz. EH Bilduk erantzun egin nahi izan dio beste idatzi baten bitartez.

Honela dio gutunean EH Bilduk:

“Urola Kostako EH Bilduk Zarauzko garbigune berriari buruzko bere jarrera azaldu nahi du, eskualdeko Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak joan den ekainaren 18an, boto bakarreko alde estuarekin, egitasmoari argi berdea eman ziola-eta EAJk plazaratutako oharrari erantzunez.

Urola Kostako EH Bilduren ustez, osasun eta ekonomia krisian murgilduta gauden une honetan, eskualdekoaren lehentasunetako bat ez da EAJk Zarautzen egin nahi duen garbigune berria.

Hasteko, EAJk bere idatzian ondo dioen bezala, 2020ko aurrekontuetan barneratuta dagoena proiektuaren idazketa bakarrik da, eta oraindik garbigune berriaren eraikitze obren kostu ekonomikoa zehazteko dago. EH Bilduren ustez, momentu honetan, herritarrarengandik gertuen dauden administrazioek duten egoera zaila, udal aurrekontuak gauzatzerakoan diru iturri nagusiena den Foru Fondoen %20ko murrizketa eta krisi honek murgildu gaituen ziurgabetasuna kontuan harturik, udal elkartea osatzen duten bost udalerriak oraindik zenbatekoa izango den ez dakigun inbertsiora konprometitzea burugabekeria da.

Gainera, egia da, Zarauzko garbigunea Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen duen hiruetatik txikiena eta erabiliena dela, baina  EH Bilduren ustez, eskualdeko baliabideen kudeaketa egokia egin behar da, arazo hau eskualde ikuspegitik aztertuz. Zarauzko garbiguneak jasaten duen erabilerari irtenbidea emateko, nahikoa litzateke hondakinen sailkapena Urola Kostako garbiguneen artean banatzea. Zerbitzuaren kudeaketa iraunkorragoaren bidez hondakinak banatzeak Zarauzko Garbiguneko hondakinen sarrera erdira murriztea ekarriko luke. Modu honetan eskualdeko hondakinen kudeaketa, garbiguneak egun dauden bezala mantenduz,  guztiz bideragarria izango litzateke.

Hori dela eta, uste dugu garbiguneak hobeto kudeatuz gero, garbigune berri baten gastua aurreztuko litzatekeela. Modu horretan, Urola Kostako Udal Elkarteak, bere gain hartuta duen Garapen Ekonomikoaren ardurari erantzunez, baliabide ekonomiko horiek gehien behar duten pertsonei eta negozioei laguntzeko erabil ahal izango lituzke, egoeraren larritasunak eskatzen duen bezala”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!