U12 HAUTESKUNDE KANPAINA

Klima aldaketari "eraginkortasunez aurre egiteko konpromisoa" agertu du EAJk

Karkara 2020ko eka. 26a, 13:29

Gaur goizean EAJk agerraldia egin du Aiako Pagoeta Natur Parkean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren barruan. Klima aldaketari aurre egiteko eta ingurumena zaintzeko alderdiak martxan jarriko dituen neurriak azaldu dituzte Iñigo Urkullu lehendakariak eta Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarrerako Gipuzkoatik EAJren zerrendako bigarrenak.

Hasi da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina, eta gaur goizean agerraldia egin du EAJk Aiako Pagoeta Natur Parkean, klima aldaketari aurre egiteko eta ingurumena zaintzeko alderdiak hartuko dituen neurriak eta konpromisoak azaltzeko. Bertan izan dira Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria eta berriz ere EAJren lehendakarigaia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko jarduneko presidentea, Arantza Tapia jarduneko Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, eta Maria Eugenia Arrizabalaga eta Joseba Egibar Eusko Legebiltzarrerako diputatugaiak. Agerraldian azaldu dutenez, Aiako txokoa aukeratu dute "ondo azaltzen duelako euskaldunok gure ingurumena zaintzeko mendeetan zehar egin dugun ahalegina". Urkulluk eta Arrizabalagak hartu dute hitza, eta aldarrikatu dute klima aldaketari "eraginkortasunez aurre egiteko konpromisoa" duela EAJk.

Arrizabalagaren esanetan, "klima aldaketa errealitate ukaezina da, eta ezin dugu ezikusiarena egin". Hala, azaldu du Euskadi garapen iraunkorraren eta klimaren inguruan nazioartean hitzartu diren akordioekin bat datorren lurraldea dela, eta Nazio Batuen erakundeak Garapen Jasangarrirako ezarri dituen 17 helburuak eta Agenda 2030 bete nahi dituela EAJk. "Konpromiso horiek ekintza politiko guztietan txertatzea eta hainbat arazori aurre egitea da EAJren nahia"; besteak beste, airearen eta hainbat ibairen kutsadurari, hondakinen arazoari, baliabideen gehiegizko erabilpenari, edo bioaniztasunaren galerari.

Iñigo Urkullu lehendakariak Think globak, Act local filosofian oinarritu nahi du ingurumena zaintzeko erronka, uste duelako, "herri txikia izanik ekarpen handia egin dezakeela Euskadik klima aldaketaren kontrako borrokan". Ildo horretan, bost ekimen hitzeman ditu hurrengo legealdirako: klima aldaketari buruzko lege berri bat sortzea; energia kontsumoaren %20 energia berriztagarrietatik lortzea; eskualde guztietan Mugikortasun Jasangarrirako Plan bat abian jartzea, oinezko eta bizikleta bidezko mugikortasuna %20 igotzeko; tokian tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzea; azpiegitura berdeak eta naturan oinarritutako irtenbideak lehenestea; eta Euskadin zuhaitz-azalerako 10.000 hektarea berri gaitzea.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!