Uztaileko KARKARA kalean da

Karkara 2020ko uzt. 3a, 16:00

Aurrerantzean hilabete bukaeran argitaratzeari utzi, eta hilabete hasieran banatuko dugu KARKARA.

Batek baino gehiagok ezustekoa hartuko du gaur, buzoia ireki eta uztaileko KARKARA bertan ikusi duenean. “Ui, pasa den astean banatu zuten Imanol Urkizuren elkarrizketa eta Aiako igerileku eraberrituaren inguruko erreportajea jasotzen zituen KARKARA eta”, pentsatuko dute askok. Hala da, bai, baina bi aldizkari elkarren segidan kaleratzeak badu arrazoi bat. Aurrerantzean hilabete bukaeran argitaratzeari utzi, eta hilabete hasieran banatuko dugu KARKARA.

Ez da kapritxoz, bat-batean hartutako erabakia izan. Askok jakingo duzuen moduan, KARKARAk eta eskualdeko beste hainbat herri komunikabidek– Baleike, Erlo Telebista, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– Urolako Komunikazio Taldea sortu genuen urte hasieran. Horrek elkarlanean lan egiteko, sinergiak aprobetxatzeko eta gure baliabideei etekin handiagoa ateratzeko aukera ematen digu hainbat arlotan. Dena dela, elkarlan horrek baditu gainditu beharreko hainbat oztopo ere, eta horietako bat zen tokiko aldizkarien argitalpena koordinatzea. Izan ere, KARKARA hilabete bukaeran argitaratzen bazen ere, gainontzeko herri aldizkari guztiak hilaren hasieran kaleratzen ziren, eta horrek hainbat arazo sortzen zituen elkarlanerako. Horregatik, aurrerantzean hileko lehen ostiraletan banatuko dugu aldizkaria Aiako eta Orioko buzoietan, baina testuingurura moldatzen saiatuko gara beti. Adibidez, iraileko aldizkaria Kontxako estropadaren ondoren argitaratzea da gure nahia, arraunzaleen gozamenerako, urteko arraun hitzordurik garrantzitsuenaren berri emateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!