Rosi Lazkanoren 'Katalogotik kanpora' bertso sorta

Karkara 2020ko uzt. 5a, 11:45

Berria egunkariak Bertso jarriak atala jarri du abian. Bertso idatzientzat lekua egingo du uda honetan, aste bakoitzean bertsolari batek bertso sorta bat argitaratuz. Atzo izan zen lehena, eta kasurako Rosi Lazkano Katalogotik kanpora izenekoa ekarri zuen. Idatziz ez ezik, kantuan ere animatu zen ikus-entzuneko honetan entzun daiteken moduan.

1
Katalogotik kanpora dago
Jazte nuen tubo-gona
Batzuentzako ama nauzue
Besteentzako amona
nere burua kontenplatzen naiz
denbora gutxi egona
Ezpain ximurra dut batzuetan
Bestetan aurpegi ona

2
Arto-jorrara joaten nintzan
Joaten esne partitzera
Etxeratzean marmitak hartu
Errekara garbitzera
surtako hauts da espartzuakin
Brillo ederra atera
Izerdiari esker dadukat
Baserritarran karrera

3
Gaztea ere izan nintzan ni
Alaia eta arina
Erromeriazalea eta
Dantza dexente egina
guraso eta elizatikan
Beti aholku jakina
Bekatu harek beldurtze zuen
Gaurko birusak adina

4
Sanpedroetan ezkondu nintzan
Hori nola ez gogora
Maleta egin eta joan nintzan
Eztei-bidaian Bilbora
Orain bezala ez zan orduan
Distantzia eta denbora
Haundia izan zan nengoelako
Atera gabe inora

5
Maiorazkoa maite nuen nik
Baina baserrian gero
Bere guraso, bere amona
Eta osaba soltero
Andre gaztean martxa nola zen
Erakusten egunero
Martxa neukanez dantzatu nuen
Pasodobleakin edo

6
Sua piztuta hartze ninduan
Egunsentiko argiak
Kafe eltzea, baba eltzea
Eta euren ipurdiak
Txapa gainean astinduz gantxo,
paela, burruntzaldiak
Suaren proba gainditu genun
Eltze zein jabeak biak

Doinua: Andre txarraren bentajak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!