Eskualdeko 70 enpresatik gorako negozio mapa osatu du UKUEk

Mireia Galarza Bastida 2020ko uzt. 7a, 19:55

OLATURA-UP egitasmoaren baitan kokatzen da negozio mapa, eta, besteak beste, eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresa txikiak ezagutaraztea du helburu. 

Jada hilabete igaro da UKUEk OLATURA-UP egitasmoa martxan jarri zuenetik, besteak beste, eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresa txikien negozioak ezagutarazteko. Aldi berean, ekimenaren helburua da teknologia berriek dituzten baliabideak eskaintzea eskualdeko ekintzaile eta enpresa txikiei, baita bertako kontsumoaren alde egitea ere. Azken puntu horretan kokatzen da eskualdeko negozioen mapa digitala. Dagoeneko eskuragarri dago Urola Kostako Udal Elkartearen Garapen Agentziko atarian.

70 negoziotik gora

Ekainean martxan jarritako ekimenak 70 enpresatik gorako parte hartzea izan du, eta horiek guztiekin osatu du UKUEk eskualde mailako negozioen erakusleiho digitala. Hain zuzen ere, Google My Business tresna erabili dute prestakuntza eta aholkularitza jasotzeko eta, horrekin, negozio bakoitzaren fitxa osatu dute. 

UKUEk jakinarazi duenez, "harrera ona" izan du egitasmoak, eta, horregatik, jarraipena emango diote ekimenari. Asmoa da eskualdeko sarea handitu ahala, mapa etengabe osatzen jarraitzea. 

Ekimenean parte hartzeko interesa duten negozioek aukera izango dute horretarako, eta bi pauso eman beharko dituzte. Lehendabizi, negozioaren Google My Business fitxa sortu beharko dute -hemen bideo bidezko azalpena-. Ondoren, eskualdeko mapan agertzeko izen emate orria bete beharko dute interesatuek. 

Bideoaz gain, fitxa sortu eta hobetzeko bakarkako aholkularitza ere eskainiko du UKUEk uztailaren 15era arte. Zalantzak argitzeko ekitenurolakosta@gmail.com helbidera idatzi beharko dute interesatuek. Aldiz, ekimenean izena eman edo egitasmoari buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak, enpresasustapena@urolakosta.eus helbidera idatzi edo  943-89 08 08 telefonora deitu beharko du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!