Igandean botoa ematera maskara jantzita joan beharko da

Nerea Uranga 2020ko uzt. 10a, 10:31

Koronabirusak eragindako egoerarengatik, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartuko dira igandean Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako.

Botoa emateko orduan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira igandeko hauteskundeetan bete beharreko neurri nagusiak. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aholkatu du botoa etxetik prestatuta eramatea.

Aldaketa horiez gainera, beste batzuk ere izango dira. Botoa emateko garaian, hautes mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du altuan, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Hauteslekuetarako sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoa jarriko dute. Horrez gainera, maskarak jarriko dituzte, ahaztuta botoa ematera joaten diren hautesleentzako.

Hauteslekuetan jende pilaketak saihesteko neurriak ere hartu dituzte. Orioko Kultur Etxean esaterako, areto barruan eta kultu etxearen sarreran marka batzuk egin dituzte, ilaran dauden bitartean herritarrek segurtasun distantzia mantendu dezaten.

Posta bidezko botoa
Herritar batzuk, baina, ez dira bozkalekuetara joango. Posta bidezko botoa areagotu egin da. Hain zuzen ere, 125.255 hauteslek —erroldatuen %7,3k— eskatu du era horretara botoa ematea. Gipuzkoan 32.074 herritar izan dira posta bidez botoa ematea eskatu dutenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!