Parte hartzeak bi puntu egin du behera Gipuzkoan eguerdiko datuen arabera

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 12a, 15:14

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izaten ari den parte hartze datuen berri eman du eguerdian Eusko Jaurlaritzak.

Eguerdiko 12:00ak arte izandako parte-hartze datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Gipuzkoan botoa emateko eskubidea dutenen %15,48k bozkatu dute, 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino bi puntu gutxiago. Boza haietan gipuzkoarren %17,53k eman zuten ordurako botoa.

Hiru lurraldetan ematen ari da jaitsiera, baina Gipuzkoakoa da handiena. Hala, Araban datuak antzerakoak dira: %13,51 aurten, eta %13,51 2016an. Bizkaian, berriz, %13,49k eman dute botoa eguerdirako, eta parte hartze datua %14,51koa zen orain lau urte. Hiru lurraldeetako datuak kontuan hartuta, jaitsiera 1,2 puntukoa da: %15,40 2016an, eta %14,14 aurten.

Jaitsiera honen atzean arrazoi desberdinak egon daitezke: goiz partean egin duen eguraldi kaskarra, pandemiak sortutako ardura, edota boto-emaile batzuk posta bidez eman izana beraien boza. Jaurlaritzak 18:00etan emango ditu hurrengo parte-hartze datuak. Gogoratu 20:00ak arte egongo direla hauteslekuak zabalik. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!