Jaurlaritzak eguneko zentroak eta udalekuak aldi baterako ixteko agindu du

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 18a, 14:28

Eguneko zentroak eta udalekuak ixteko aginduaz gain, adinekoen egoitzetako egoiliarren irteerak murriztuko dituzte. Bisitei dagokienez, egoitzan pertsona bakar baten bisita jasotzeko aukera izango dute. 

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du agindua gaur, larunbata. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalekuak zein eguneko zentroak ixteko eta adinekoen egoitzetako egoiliarren irteerak murrizteko agindua eman du Jaurlaritzak. Erabaki horrek, beraz, eragina izango du Aiako eta Orioko egoitza zein udalekuetan.

Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera hartu du erabakia “osasun gomendioei jarraituz”. Adinekoen egoitzetako egoiliarren irteerak murriztu egingo dituzte. Gainera, senitartekoen edo lagunen bisitak ere mugatu egin dituzte; neurri berriak iragarri arte kanpotik bisitari bakar bat sartu ahalko da egoitzan.

Era berean, Jaurlaritzak azaldu du Eudelekin batera udalekuak aldi baterako ixteko erabakia hartu duela. Osasun Sailak jakinarazi du “prebentzio neurriak” direla gaur hartu dituztenak, eta datozen egunetan berrikusiko dituztela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!