Hazilan programaren 10. edizioa aurkeztu du UKUEk

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 21a, 11:41
Hazilanen 6. edizioko irudi bat.

Dagoeneko eman daiteke izena egitasmoan. Uztailaren 30ean informazio saio bat ere egingo dute proiektuaren xehetasun guztiak azaltzeko. Langabeen kasuan laneratzen laguntzea, eta lanean ari direnen kasuan beren lan aukerak hobetzea da programaren helburua.

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak aurkeztu du dagoeneko Hazilan egitasmoaren 10. edizioa. Eskualdeko enpresa, langabe edota lana hobetu nahi duten 20 eta 44 urte bitarteko goi mailako ikasketak dituztenei bideratuta dago. Langabeen kasuan laneratzen laguntzea da asmoa, eta lanean ari direnen kasuan, beren lan aukerak hobetzen laguntzea. Izena eman daiteke dagoeneko, eta jakinarazi dute egitasmoaren xehetasunak uztailaren 30ean egingo den informazio saioan aurkeztuko dituzte. 

UKUEk azaldu du zenbait berrikuntza izango dituela edizio honek. Aurrez aurreko eskolez gain, online ere eskainiko baitute fromakuntza egitasmoaren lehen fasean. Konpetentzia pertsonalak eta profesioanalak landu ondoren, eta praktikaldiari ekin aurretik, 24 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutu ahal izango dituzte prestakuntza saio horretan. Amaitzeko, 200 orduko praktikaldia egin ahal izango dute eskualdeko enpresaren batean. 

Aktibatu, prestatu, kokatu
Lehenbizi, zeharkako konpetentziak landuko dituzte programaren 'aktibatu' fasean. Guztira, 80 ordu iraungo ditu–50 aurrez aurre eta 30 online–, eta bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiko dute, irailaren 28tik azaroaren 20ra bitartean. 'Prestatu' faseari helduko diote ondoren: sarean norberarek marketing-a egiteko gakoak ezagutuko dituzte, urriaren 2tik azaroaren 13ra bitarteko ostiral goizetan. Amaitzeko, eskualdeko enpresetan 'kokatuko' dira, 200 orduko praktikaldietan. Azarotik 2021eko urtarrilera bitartean egingo dituzte praktikak, astelehenetik ostiralera, eta gehienez ere, 6 orduko lanaldia izango dute. UKUEk ohartarazi du mugatua dela plaza kopurua, eta 14 pertsonek hartu ahal izango dutela parte programan. Izena emateko orria dagoeneko eskuratu daiteke UKUEren egoitza elektronikoan

Informazio saioa
Proiektuan interesa izan dezaketen herritarrentzat informazio saio bat egingo dute datorren astean, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko. Uztailaren 30ean izango da, osteguna, 11:00etan. Online egingo dute, horretarako Gotomeeting plataforma erabilita, eta azaldu dute saio horretan parte hartzeko beharrezkoa izango dela aurrez izena ematea, galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko esteka jasoko dute interesdunen beren posta elektronikoan. 

"Ibilbide emankorra"
UKUEren arabera, orain arte "ibilbide emankorra" izan du Hazilan ekimenak. Guztira, 136 pertsonek hartu dute parte edizioetan, eta hainbat gaitasun sozioprofesional landuz, laneratzeko prozesuak egin dituzte eskualdeko zenbait enpresetan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!