Ziurtasuna akanpatu nahian

Mireia Galarza, Aiora Larrañaga Solaberrieta eta Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 24a, 12:17
Jone Olaskoaga eta Eugenio Azkue.

Asko dira kanpinen aldeko hautua egiten duten turistak uda sasoian. Aurreko urteetan beteta egon ziren eskualdekoak, baina aurten gorabeherak dituzte, besteak beste, kasu positiboengatik. 

Kanpin denda jarri, karabana akanpatu, bungalowetako atea eta leihoak zabaldu... Turismoaz gozatzeko aukeren eta ereduen artean kanpinzaleak daude, eta Urola Kostan bost kanpin daude, ia denak kostatik gertu, baina bakoitza bere izaerarekin eta ikuspegi propioarekin: Aiako Zingira, Orioko Kanpina, Zarauzko Gran Camping Zarautz eta Talai Mendi Kanpina eta Zumaia Kanpina & Bungalowak. Guztiek amankomunean dute, ordea, segurtasun neurriak areagotu behar izan dituztela pandemiaren eraginez, eta horrek ere eragina izan du erabiltzaileen kopuruan uda sasoi honetan, batzuengan besteengan baino nabarmenago, positibo kasuak izan direlako.

AIAKO ZINGIRA KANPINA

Beste urteetan bezala, uztaila hasiera lasaia izan dela adierazi du Eugenio Azkue Zingira Kanpineko kideak. «Jendea uztail erdialdean hasten da asko etortzen», halaxe zioen hilabete hasieran, baina gauzak okertu egin dira. Zarauzko Talai Mendi Kanpineko gertakariak eragin handia izan du Zingirentzat: «Momentu kritikoan gertatu da. Hil honetako bigarren hamabostaldiko astebukaeran izan da, hainbatek oporrak hartzen dituen unean, eta urtero goraka data horretatik aurrera etortzen da. Baina albiste hauekin bat-batean geratu egin da mugimendu guztia... Asteburuan apenas etorri zitzaigun jendea».

Bezeroek bungalowak erreserbatzen dituzte normalean, eta horietako askok baja eman dutela adierazi du Azkuek. Dei asko ere jaso dituzte, gaiari buruz  galtzen: «Betiko dikotomia da berri txarrekin».

Honakoa ez da izan denboraldiko lehen gorabehera. Hasieran, normaltasun berrian sartzerakoan, erreserbekin martxa onean hasi ziren. «Orion kasu positiboen berragertzeak egon zirenean, ordea, jendea beldurtu egin zen, eta erreserba batzuk bertan behera gelditu zitzaizkigun. Prentsan agertu ziren Orio eta Aia, eta hor galdu ziren erreserba batzuk», dio Azkuek. 

Aitzitik, kanpina beste turismo eredu bat dela nabarmendu du Zingirako kideak: « Oso nabaria da toki ireki bat dela, eta ez dago jende pilaketarik gertatzeko aukerarik. Harrera gunean gerta daiteke, baina oso erraza da kontrolatzeko, banaka sartuz adibidez. Hortik aurrera, norberak du ardura bere partzelan zenbat jenderekin egoten den, maskara erabiltzen duen ala ez... Bakoitzak nola bizi duen hau, oso pertsonala da».

ORIOKO KANPINA

Maiatzaren 25ean, Orioko Kanpina ireki zutenean, arduradunek zituzten zalantzak argitzen joan dira pixkanaka. Konfinamendutik atera berritan, ez zekiten denboraldiak zer emango zuen, baina asteak aurrera joan ahala, normaltasun berrian kanpina kudeatzeari martxa hartu diotela aitortu du Jone Olaskoaga Orioko Kanpineko zuzendariak. «Ezohikoa izaten ari da uda arlo guztietan, eta kanpinean ere testuinguru berrira moldatu behar izan dugu. Egia da eskaera handia izaten ari garela eta mugimendu handia dugula kanpinean. Dena dela, COVID-19arengandik babesteko hainbat neurri hartu ditugu: partzeletan %75eko edukiera ezarri dugu babes neurri gisa, eta bungalowetan erreserben artean berrogeialdi egun batzuk uzten ari gara. Neurri horiek guztiz baldintzatzen dute gure jarduna eta eskaintza, baina erantzuna ona izaten ari da».

Kanpinean joan-etorri handia badago ere, Olaskoagak azaldu du erreserbak baliogabetzen ere ari direla bezeroak. «Denboraldia abiatu genuenean erreserba ugari izan genituen, jendea aire zabalean ingurumenaz gozatzeko irrikaz zegoelako, baina azkenaldiko agerraldiek eta beste hainbat faktorek eragina izan dute eskarian, eta bezeroek hots egin digute erreserba bertan behera utzi nahi dutela esanez». Jendea «beldurtzen» ari dela uste du kanpineko zuzendariak, COVID-19 agerraldien eta egoera sozio-ekonomikoaren eraginez. «Hedabide nazionalek Orioko COVID-19 kasuen berri eman zutenean, esaterako, erreserba zuten hainbat bezerok deitu ziguten bertan behera utzi nahi zutela esanez. Kontuan hartu behar da bungalowetako gutxieneko egonaldia astebetekoa dela, eta kantzelazio batek min handia egiten du. Beste batzuk, berriz, egonaldia atzeratzea erabaki zuten».

Egoera aldakor horretan, okupazioari eusteko kudeaketa lan handia egiten ari direla azpimarratu du Olaskoagak, baina beste motatako ostatuekin alderatuta ondo daudela uste du. «Normaltasun berrian kanpinak beste ostatuek ez duten erakargarritasuna du, naturan gaudelako. Gainera, garbitasuna Orioko Kanpinaren indargunea izan da beti, eta aurten ere famatzen ari dira bezeroak».

Bestalde, bisitari atzerritarren beherakada ere nabarmendu dute Orioko Kanpinean. «Betidanik udako hilabeteetan Euskal Herriko erabiltzaileak izaten ditugu nagusiki, udaberrian eta udazkenean etorri izan dira atzerritarrak. Aurtengo udan, ordea, atzerritik etorritako inoiz baino lagun gutxiago dugu ostatu hartuta. Horietako batek, esaterako, bi aste darama kanpinean; astero berritzen du erreserba, baina aurretik galdetu egiten digu COVID-19aren egoera nola dagoen inguruan», adierazi du Olaskoagak.

Oztopoak oztopo, maiatzean denboraldiko helburu gisa markatu zituzten aurreikuspenak betetzen ari direla azaldu du kanpineko zuzendariak, eta denboraldia udazkenera arte luzatu nahiko lukete.

ZARAUZKO TALAI MENDI

Denboraldi hasiera suziriak botatzeko modukoa izan ez arren, nahiko ondo zihoala adierazi du Talai Mendi Kanpineko arduradunetako bat den Myriam Eizagirrek. «Eguraldi ona lagun, jendea mugitzen ari zen. Baina hau guztia gertatutakoan, Eibarko bi positiboak kanpinetik igaro ostean, sekulako dispositiboa muntatu zuten, eta jendeak alde egin zuen hemendik. Hurrengo egunean bakarrik geratu ginen», jakitera eman du.

Orain oso jende gutxirekin dabiltzala aitortu du, pasarako erabiltzaileekin eta atzerritarrekin nagusiki. «Edukieraren %30-40 inguru edukiko dugu une honetan beteta. Gainera, kontuan izan behar dugu denboraldiko talde garrantzitsuenetako batek  hanka egin digula; izan ere, horietako bik positibo eman zuten». Arduradunak arrazoitu duenez, «gertatu zen guztiagatik, jasotako tratuagatik eta bizitakoagatik oso gaizki sentitu ziren, eta aurten jada ez dira itzuliko. Horrek esan nahi du egunero 60 lagun inguru gutxiago izango ditugula uda bukatu arte».
Surfa erakargarritasun turistiko modura hartuta joaten zitzaien Belgikako talde bat zela kontatu du Eizagirrek. Zarauzko Good People surf eskolarekin ere gisa horretan egiten dute lan; horiekin beranduago hasi dira aurten, eta  une honetan ongi ari dira funtzionatzen.

Oro har, Espainiako zein atzerriko hainbat tokitako erabiltzaileek akanpatzen dutela beraienean adierazi du arduradunak, nahiz eta kasu positiboen ondorioz, une honetan gehiago diren atzerritarrak eta pasaran gelditzen den jendea. «Egia esan, asko eragin digu gertakari honek. Pentsatzen dut herrian ere nabarituko zutela hori, tabernetan-eta. Ez dut uste topera ibiliko denik inor–tabernak, jatetxeak nahiz ostatuak– uda osoan».
Bi aste barru, abuztuarekin batera, normaltasunera itzultzea espero du, baina zuhurra da egoeraren aurrean. Izan ere, «jakin badakigu abuztuaren erditik aurrera mugimendua jaisten hasten dela herrian».

GRAN CAMPING ZARAUTZ

«Inguruko kanpinekin alderatuta, nahikoa handia da gurea. Horregatik, profil anitzetako bezeroak dauzkagu». Gran Camping Zarautzeko zuzendari Irati Sesmak dio gehienbat familia giroan etortzen diren erabiltzaileak dituztela, baina surf egiteko asmoz ere jende asko etortzen dela. «Hemengo bezeroak dira asko, eta orain are gehiago, COVID-19aren ondorioz. Asteburuetan, esaterako, ‘etxetik ateratzeagatik bakarrik’, beraiek esaten duten bezala, euskaldun mordoa etortzen da. Europatik ere jende asko etortzen da: frantsesak, alemaniarrak, herbeherearrak...». Kanpin honetan helduak dira nagusiki erabiltzaileak, jende gaztea baino gehiago.

«Aurten inoiz baino udara arraroagoa izango da, ez dakigu oso ondo zer forma hartuko duen. Besteetan, beti jakiten dugu uztaila topera edukitzen dugula, abuztua ere bai, eta aurten udara desbedina edukiko dugula uste dugu», aurreikusten zuen zuzendariak hilabete hasieran. Maiatzaren 29an zabaldu zuten kanpina bi hilabete eta erdiz itxita eduki ondoren, eta uste baino erantzun hobea izaten ari ziren. Erreserbak eta deiak martxa onean zihoazela aitortu zuen Sesmak, eta uda polita edukitzea espero zuten.

Talai Mendi Kanpinean atzemandako positibo kasuen gertakariak, ordea, beraiei ere eragin diela azpimarratu du zuzendariak, baina ez beraiei bakarrik, oro har herri osoari. Sesmak dio halako kasuek «beldurra» sortzen dutela turistengan, eta X batekin markatzen dutela bisitatu nahi den tokia. Beraien kasuan,adibidez, erreserbetan bajak izan dituztela jakitera eman du. «Guk nahi duguna da etortzen dena seguru eta lasai egotea, eta horretarako ahalik eta neurri gehien hartu dugu», aditzera eman du Sesmak.

ZUMAIAKO KANPINA

Monica Saez Zumaiako kanpineko langilea da. Uda ez da hasi beraiek uste bezala. Hala ere, erreserbak azken ordukoak bihurtzen hasi direla aitortu du, eta esperantzaz agertu da zumaiarra: «Hasiera hobea espero genuen, baina tamalez ez da hala izan. COVID-19aren aurretik erreserba asko geneuzkan, erritmo ona generaman alde horretatik, eta aurreikuspen ona egiten genuen udara begira, baita urte osora begira ere. Pandemiaren eraginez, ordea, kontua asko jaitsi da». Uztailean kanpina beteta eduki beharko luketela, baina ez direla horretara iritsi jakitera eman du. «Horrela tokatu zaigu aurtengo uda».

«Astean zehar lasai samar ibiltzen gara, baina asteburuan gora egiten dute erabiltzaileek». Iragan asteburuan, esaterako, bete egin zen kanpina. Jendeak azken orduko erreserbekin jokatzen duela dio Saezek. «Adibidez, astelehenean galdetzen du bezeroak eta erabakitzen du etorri nahi duela ostegun arratsaldean, ostiral goizean kanpinera sartzeko. Orduan, erreserba horiek kudeatzeak lan pixka bat suposatzen digu. Baina, bai, azken unean hartzen ari dira oporrak hartzeko erabakiak».

Abuzturako badituzte erreserba batzuk lotuta, baina azkenaldian inguruan izan diren koronabirus agerraldiak direla medio, jendea galdezka dabilela adierazi du kanpineko langileak, «pixka bat beldurrez, zer gertatuko litzatekeen etortzerik ezingo balute». Alde horretatik, erreserben erritmoa asko jaitsi dela ere nabarmendu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!