I. Binakako Euskal Pentatloian parte hartuko dute Aizperrok eta Izeta VI.ak

Pentatloiaren aurkezpeneko irudia. (Tolosaldeko Ataria)

Tolosako zezen plazan jokatuko dute txapelketa, uztailaren 31n, 11:00etan hasita, eta Joxean Olaskoaga 'Aizperro' oriotarra eta Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a aiarra lehiatuko dira, nor bere bikotearekin.

Herri kirolek beste hitzordu garrantzitsu bat izango dute osasun krisiak eragindako egoera berezi honetan: I. Binakako Euskal Pentatloia jokatuko dute uztailaren 31n, ostirala, Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. 11:00etan hasiko da lehia, eta guztira, zazpi bikote ariko dira lehian. Eskualdeko hainbat kirolarik parte hartuko dute bertan: Luis Txapartegi eta Jagoba Otaegi aizarnarrek, Kepa Peñagarikano azpeitiarrak, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarrak, Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak.

Parte hartzaileek hiru txanda egingo dituzte, bikoteka. Antolatzaileen arabera, “era parekatuan” egin dituzte bikoteak: hau da, saiatu dira bi aizkolari edo bi harri jasotzaile elkar ez daitezen. Lehenengo txandan, Txapartegi eta Otaegi, Julen Kañamares eta Xabier Urrutia, eta  Peñagarikano eta Aizperro bikoteek parte hartuko dute. Bigarrengo txandan, Beñat Amade eta Osman Drame, eta Xabier Zaldua eta Jon Gisasola, Zelai V.a, bikoteak ariko dira. Hirugarrenean, berriz, Arria V.a eta Izeta VI.a, eta Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza bikoteen txanda izango da.

Honako lan hauek egin beharko dituzte kirolariek: 40 aldiz ehun kiloko bola altxatu, lau plaza egin giza proban, lau kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin zortzi plaza egin, eta lau kilometro korrika –ehun itzuli zezen plazari–. Proba bakoitzean bikoteko kide batek gutxienez lanen %40 egin beharko du. Gipuzkoako Federazioko epaileak izango dira probaren jarraipena egiten.

“Lasai” joateko mezua

Osasun larrialdiak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuko dituztela azaldu dute antolatzaileek, eta herritarrei esan diete “lasai” joateko pentatloia ikustera. Sarrera bakoitzaren atzean izen-abizenak jartzeko eskatu diote zezen plazara joango diren guztiei, kutsatze bat izaten bada, jarraipena egin ahal izateko; sarreran kutxa bat izango da, eta bertan sartu beharko dute sarrera. Eskuak garbitzeko gelak ate guztietan izango dira, eta komunak irekita egongo dira; aldiro garbitu eta desinfektatuko dituzte. Bestalde, eserlekuak markatuta izango dira, eta bertan eseri beharko da. Horrez gain, maskara jantzita izan beharko du publikoak.

Txapelketa ikusteko sarrerak 20 euro balio ditu, eta dagoeneko salgai daude Tolosako Kantabriko tabernan, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Aiako Izeta jatetxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!