Klima aldaketaren eraginez, %25 eta 40 artean galduko dira hondartzak mende amaieran

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 27a, 11:22
Xabier Esteban, Jose Ignacio Asensio eta Monica Pedreira, gaurko aurkezpenean. (Gipuzkoa Orain)

Gipuzkoako Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari Buruzko Txostena aurkeztu du aldundiak, eta bertan dio itsas maila 50-70 zentimetro artean eta metro bat arte igo daitekeela mende amaierarako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Naturklima Fundazioaren Behatokiak garatuta, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari Buruzko Txostena aurkeztu zuten ostiralean. Bertan aztertu dituzte klima aldaketak dituen eraginak Gipuzkoako ingurune naturalean eta lurraldeko hamar sektore sozioekonomikotan. Ikerketa honen helburua da etorkizunean egokitze neurriak hartzea eta, gisa horretan, lurraldearen zaurgarritasuna murriztea. Txostena urtero eguneratzeko asmoa du Behatokiak, nazioartean homologatutako 80 adierazle meteorologiko, ingurumeneko eta sektorekoen bilakaeraren azterketaren bidez. Bertan izan dira Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioko lehendakaria, Xabier Esteban Naturklimako zuzendari teknikoa eta Monica Pedreira Ingurumeneko zuzendaria.

Azterlanaren emaitzen arabera, Gipuzkoako batez besteko tenperatura 1,2 ºC igo da azken 50 urteetan, eta mende honen amaieran 3 ºC bitarteko tenperaturara ailegatu daiteke. Uda hilabete batez luzatu dela jakinarazi dute, eta udaberrian eta udan prezipitazioak jaitsi egin direla, udazken euritsuenen erregistroan ez bezala; bereziki Donostialdean eta Urola Kostan. Orokorrean, prezipitazioa %5 eta %11 bitartean jaitsiko da, baina ez da modu uniformean izango, askoz ere uda lehorragoak izango direlako (prezipitazioa %35 gutxiago). 

Itsas mailari dagokionez, eta aurreikuspenik okerrena eginez gero, txostenak dio mende amaierarako 50-70 zentimetro artean eta metro bat arte igo daiteke. Horrekin batera, olatuak %5 eta %10 bitartean handituko direla aurreikusten da, eta, ondorioz, hondartzak %25 eta %40 artean galduko dira. Zarauzko edo Getariako Gaztetaperen kasuan, esaterako, erabat desagertzeko arriskua dagoela nabarmentzen du; Donostiako Kontxan eta Zumaiako Itzurunen, berriz, azaleraren %40-50 galduko dutela.

 

Gipuzkoa biztanleriaren %40ari eragingo dio

Fenomeno horiek hainbat ondorio ekarriko dituzte: lehorteak, ibai-uholdeak eta itsas mailaren igoerak eragindako itsas uholdeak. Horiek Gipuzkoako biztanleriaren %40ari eragingo dio zuzenean, kostaldean bizi den biztanleriari nagusiki. Itsasoaren igoerak eragin zuzena izango du sektore turistikoan, baita biodibertsitatearen galeran ere. Garraio-sektorean ere zuzeneko eraginak izango dituela jakitera eman dute, prezipitazio handiak, ekaitzak eta itsas mailaren igoerak; izan ere, handitu egiten da luiziak gertatzeko arriskua, batez ere urak har ditzakeen edo itsasertzetik oso hurbil dauden bide azpiegituretan eragiten dutenak.

Ibai-uholdeei dagokienez, eta kontuan hartuta udalerri askok beren azaleraren zati handi bat hiri-erabilerarako dutela eta, beraz, uholdea gertatzeko arriskua dagoela, prezipitazioak gehitzea espero denean, Gipuzkoako udalerri gehienek uholde-arriskua izango dute. Hori horrela, aurkezpenean azaldu dute Oria eta Urumea ibaien arroetako udalerriek dutela arrisku gehien.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!