Azken hiru egunetan ez da kasu positibo berririk egon Aian eta Orion

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 27a, 15:45

Ostegunean positibo bana egon zen PCR probetan bi herrietan, baina ordutik ez da koronabirus kasu berririk atzeman gure bi herrietan. Dena den, Nekane Murga Osasun sailburua gaur 16:30ean da agerraldia egitekoa, eta orduan jakinaraziko ditu Eusko Jaurlaritzak pandemiaren hedapena saihesteko hartzea erabaki dituen neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken egunetan egindako PCR proben emaitzak, eta azken hiru egunetan ez da positibo berririk atzeman ez Aian, ez Orion. Ostegunean kasu bana agertu zen gure herrietan, eta aurreko bi egunetan lau kasu gehiago ere egon ziren Orion. Hortaz, datu positiboa da gaur Osasun Saiak jakinarazitakoa.

Urola Kostan, berriz, beste behin kostako herrietan egon dira kasu positiboak asteburuan. COVID-19 gaitzean positibo eman duten herritarretatik zazpi zarauztarrak izan dira, eta bi, berriz, getariarrak. Gainerako herrietan ez da positiborik atzeman ostiraletik igandera.

Lurraldeei dagokienez, Bizkaian dago datu kezkagarriena, han 227 lagunek eman dutelako positibo PCR probetan. Gipuzkoan 117 kasu izan dira hiru egunetan, eta Araban, berriz, 36.

Hain zuzen, Nekane Murga Osasun sailburuak gaur 16:30erako iragarri du agerraldia, gaitzaren hedapena saihesteko Eusko Jaurlaritzak neurri gehiago hartuko baititu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!