Izeta VI.a eta Arria V.a txapeldun Binakako Euskal Pentatloian

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 1a, 12:45
Xabier Orbegozo 'Arria V.a' eta Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a' garaile. (Tolosaldeko Ataria)

Ia minutu batez hobetu zuten Joxean Olaskoaga Aizperro eta Kepa Peñagarikano bikoteak lehen txandan jarritako denbora.

Zazpi bikoteren artean jokatu zen atzo I. Binakako Euskal Pentatloia, hiru txandatan banatuta, Tolosako zezen plazan. Azken txandan aritutako Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra zan ziren garaile, bigarren sailkatutako Kepa Peñagarikano azpeitiarra. eta Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarraren denbora ia minutu batez hobetuta; hauek lehen txandako denbora onena egin zuten, 41 minutu eta 53 segundorekin.

Lehen txandan, era berean, Luis Txapartegi aizarnarraren ordez, Jokin Eizmendi zarauztarra aritu zen Jagoba Otaegi aizarnarrarekin batera, eta hirugarren bikotea, Julen Kañamares eta Xabier Urrutia nafarrek osatua izan zuten. 49 minutu eta 42 segundoan bukatu dute beraien lana nafarrek, eta Eizmendi-Otaegik 54 minutu eta 07 segundo behar izan zituzten. Beraien txandako hirugarrenak izan ziren, eta sailkapenean seigarren.

Plazan egin behar izan zituzten lanak honakoak izan ziren: 100 kiloko bola 40 aldiz jaso, giza proban lau plaza egin, lau kana-erdiko ebaki, 50 kiloko bi txingekin zortzi plaza egin eta, bukatzeko, lau kilometro korrika, hau da, ehun itzuli bikote bakoitzak zezen plazari. Proba bakoitzean bikoteko kide batek gutxienez %40a egin behar izan zuen.

Alde batetik, berotan aritu behar izan dute kirolariak nor baino nor, baina bestetik, jende asko gerturatu zen Tolosara pentatloiaz gozatzera, haien animoak asko eskertu zituzten lehiatzeko orduan.

Sailkapena

1. Xabier Orbegozo Arria V.ak eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 40 minutu 58 segundo

2. Kepa Peñagarikano eta Joxean Olaskoaga Aizperro : 41 minutu 53 segundo

3. Xabier Zaldua eta Jon Gisasola Zelai V.a: 43 minutu eta 22 segundo

4. Julen Kañamares eta Xabier Urrutia: 49 minutu eta 42 segundo

5. Beñat Amade eta Osman Drame: 50 minutu 25 segundo

6. Jokin Eizmendi eta Jagoba Otaegi: 54 minutu eta 07 segundo

7. Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza. Utzi egin behar izan dute lehia.

Argazki bilduma: Tolosaldeko Ataria

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!