Aian eta Orion ez dute koronabirus kasu positibo berririk atzeman azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko abu. 17a, 16:01

Eskualdeari dagokionez, Azpeitian dago gaur egun fokua. Izan ere, ehun kasu inguru zenbatu dituzte joan den ostegunetik, 3.000 proba inguru eginda.

Asteburuko etenaren ostean, gaur eman ditu herriz herriko koronabirus datuak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta Aian eta Orion ez da kasu berri agertu azken egunetan.

Eskualdeari dagokionez, Azpeitian dago gaur egun fokua. Alde Zaharrean sortutako koronabirus agerraldiari lotuta PCR probak egiten ari da Osakidetza han, eta orotara, ehun bat kasu zenbatu dituzte herri horretan joan zen ostegunaz geroztik. Egunotan 3.000 bat proba egin dituzte Betharrametan horretarako prestatu duten gunean, eta gaur eta bihar ere segituko dute PCRak gauzatzen [Azpeitiko informazio guztia Uztarria.eus-en]. Azpeitiko kasuez gain, Zarautzen eta Zumaian bina positibo berri agertu dira, Getarian eta Azkoitian hiruna eta Errezilen bat.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei dagokienez, azken 24 orduetan 364 positibo atzeman dituzte hiru lurralde horietan. 204 kasu Bizkaian detektatu dituzte, 80 Gipuzkoan eta 65 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hamabost lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Nafarroan, berriz, 61 kasu atzeman dituzte azken orduetan.

Osakidetzaren arabera, atzo 5.625 PCR proba egin zituzten, eta gaur egun hamalau lagun daude ZIUn ospitaleratuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!