Orion COVID-19 kasu bat atzeman dute, astebete positibo berririk gabe pasa ostean

Julene Frantzesena 2020ko abu. 20a, 13:53

Aian beste bi positibo berri detektatu dituzte, eta atzokoarekin, guztira, hiru dira koronabirusarekin kutsatutakoak Aian. Bestalde, eskualdean hemeretzi koronabirus kasu berri atzeman dituzte, eta Gipuzkoan 73 lagunek eman dute positibo PCR probetan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak dagoeneko jakinarazi ditu azken orduetako koronabirus datuak, eta eskualdean hemeretzi positibo atzeman dituzte. Azken egunetako gisan, Azpeitian atzeman dituzte positibo gehien: zortzi. Dena dela, Aian eta Orion ere detektatu dituzte kasuak, bi Aian eta bat Orion. Horrez gain, Zarautzen eta Azkotian hiruna positibo, eta Zumaian eta Zestoan bana zenbatu dituzte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 576 positibo zenbatu dituzte. 7.023 PCR proba gauzatu dituzte, eta Araban 117, Bizkaian 372 eta Gipuzkoan 73 positibo izan dira. Positibo eman duten beste hamalau lagunek hiru lurralde horietatik kanpo dute bizilekua.

Egun 176 lagun daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –atzo 39 ospitaleratu zituzten–, eta horietatik hogei daude ZIUn. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako RO indizea –oinarrizko birsorkuntza tasa–, berriz, 1,11 da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!