Azken PCR probetan bi kasu positibo berri detektatu ditu Osakidetzak Aian, eta bat Orion

Andoni Elduaien 2020ko ira. 22a, 14:16

Asteburuan nabarmen egin zuten gora kasuek Orion eta Aian; hamabi eta sei kasu atzeman zituzten, hurrenez hurren.

Eskualdean bederatzi pertsonak eman dute positibo atzo, astelehena, Osakidetzak egindako PCR probetan. Asteburuko datuekin alderatuta, behera egin dute kasuek, ostiraletik igandera bitartean 34, 39 eta hamazazpi kasu zenbatu baitzituen Osakidetzak, hurrenez hurren. Herriz herri aztertuta, aldiz, Zarautzen atzeman ditu Osasun Sailak kasu gehien: bost guztira. Horrez gain, Aian bi kasu hauteman ditu Osakidetzak eta bana Orion zein Zumaian. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu berririk zenbatu.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Atzo 8.519 PCR proba egin zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan, eta guztira 314 kasu positibo hauteman zituen; hau da, proba egin zutenen %3,6k eman du positibo. Lurraldeka aztertuta, berriz, Bizkaian zenbatu dituzte beste behin kasu positibo gehien: 167 kasu guztira. Gipuzkoan, aldiz, 87 kasu detekatu ditu Osakidetzak eta 52 kasu Araban. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zortzi laguni ere positiboa detektatu diete.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan 286 pertsona daude gaur gaurkoz ospitaleratuta, horietatik 55 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Atzo beste 33 lagun ospitaleratu behar izan zituzten hiru lurraldeetan, Osasun Sailaren arabera COVID-19 gaitzaren sintomekin. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea, aldiz, 0,98koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak batuta.

Nafarroako Gobernuak oraindik ez ditu azken PCR proben emaitzak eman. Jakinarazi bezain laster gehituko ditu Urola Kostako Hitzak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!