Pentsiodunek eskualde mailako mobilizazioa egingo dute

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 24a, 09:00

Pentsiodunen mugimenduak eskualde mailako manifestazioa deitu du datorren astelehenerako, Zumaian. Bost aldarrikapen nagusi aterako dituzte kalera.

Eskualdean ere “pentsio publiko eta duinen” aldeko mobilizazioak berrartu ditu pentsiodunen mugimenduak. Hurrengo astelehenerako, irailak 28, hitzordu garrantzitsua jarri dute Zumaian: manifestazio bateratua egingo dute Urola Kostako pentsiodunek, 12:00etan Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita.

Mugimenduko kideek azaldu dutenez, bost aldarri nagusi aterako dituzte kalera: “1.080 euroko gutxieneko pentsioa”, “1.200 euroko gutxieneko soldata”, “urteroko KPIaren igoeraren araberako pentsio publiko eta duinak”, “2010etik 2013ra bitartean indarrean jarri zituzten lan-baldintzen eta pentsioen lege murriztaileen indargabetzea”, eta “soldaten eta pentsioen genero arrakala ezabatzea”.

Larrialdia

Adineko pertsonen egoitzetan bizi den egoera izan dute hizpide pentsiodunek. “COVID-19a dela eta pertsona nagusien egoitzetan gertatzen ari dena lazgarria” dela diote; izan ere, salatu dute “bertako langileen lan-baldintza kaxkarrek” are gehiago egin dutela txarrera, eta “instituzio publikoek” ez dituztela “beharrezkoak diren baliabideak ipintzen”. Dena den, egoitzez harago, orokorrean mintzatu dira adineko pertsonen “zaintza lanei” buruz: “Gero eta ugariagoak dira beraien etxean bakarrik bizi diren eta laguntza behar duten adineko pertsonak”. Lan horiek beren gain hartzen dituzten langileen egoera ere atera dute mahaira: “Askotan zaintzaileak emakume atzerritarrak dira, lan-baldintza egokirik gabe, eta soldata murritzak eta lan-ordu luzeak dituzte”. Hala, gobernuei galdegin diete “pertsonek bizitza justu eta duinak izateko eskubideak bermatu” ditzaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!